Bigarren urtez jarraian egin dute auzoen arteko desafioa Antzuolako San Martzial jaietan. Iaz Lizarraga eta Kalebarren auzoak lehiatu ziren elkarren aurka, eta aurten Lizarragakoak Irimoegigoikoakoen aurka aritu dira.
Kaskara-batzea, arrautza-jokoa, zaku-lasterketa eta ahulki jokoa izan dira desafioan egin beharreko probak. Lehia estua izan da aurtengo desafioan, eta auzo bakoitzak bina joko irabazi ondoren, zapi-jokoan erabaki da irabazlea. Iaz ez bezala, aurten, Lizarragako auzotarrek lortu dute garaipena.
Epaile lanetan desafioan lehiatu diren bi auzoetako jatorria duen Jesus Kortabarria aritu da. Bihotza apur bat zatituta izan duela onartu du antzuolarrak, eta lehen horrelako desafio gehiago egiten zirela eta tradizio hauek mantentzearen garrantzia ere nabarmendu nahi izan du.