Martxa berria du Antzuolako Alardeak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mai. 7a, 07:58

Ion Guruz Biterik, herriko musikariak, sortu du martxa, Alboradak txistulari taldearen laguntzarekin; uztailaren 19an, zapatua, entzun ahalko da, egun horretan egingo baita Antzuolako Alardea, herriko jaietan.

Martxa berria izango du aurrerantzean Antzuolako Alardeak, Antzuolako Udalak, Alardearen elkarteak, Alboradak txistulari taldeak, Oinarin dantza taldeak eta hainbat herritarrek "Alardearen batzordea sendotzeko eta Alardearen martxaren aldaketaren inguruan jarduteko" egindako lan prozesuaren ostean. Haien hitzetan, martxa aldatzeko erabakiaren inguruan "desadostasunak" egon arren, hala egitea erabaki dute: "Alardearen etorkizuna sendotu eta herritarren kohesioa ziurtatzeko asmoz, martxa aldatzea adostu dugu".

Hain zuzen ere, Antzuolako Udal Gobernuak, ohar baten bidez, iazko uztailean adierazi zuen jatorrizko martxaren –gazteleraz, Marcha Real Fusilera– azkeneko urtea izango zela, "Borboien errege-etxeko himno espainiarra" zela azpimarratuta, eta 2025ean ereserki berria izango zuela Antzuolako Alardeak. Hala ere, Antzuolako Alardearen Kultur Elkarteak ordu hartan adierazi zuenaren arabera, aldebakarrez hartutako erabakia izan zen, "Udal Gobernuaren gehiengo batek bere kasa" hartutakoa. Bada, horregatik erabaki zuten lan prozesua abiatzea, Farapi Kooperatiba Elkartearen bitartekaritzarekin.

Prozesuko urratsak

Maiatzaren 6an, atzo, egin zuten martxa berriaren nondik norakoez jarduteko agerraldia, eta lan prozesuak "fase ezberdinak" izan dituela adierazi zuten horretan aritu direnek, ohar bateratu bat kaleratu baitute: "Alardea gehiago indartzeko, bi gai izan ditugu eztabaidagai: lehenik, Alardearen batzordea sendotzea; eta bigarrenik, Alardearen ereserkiaren aldaketaren inguruan eztabaidatzea eta, horretarako beharra ikusiz gero, berria adostea eta sortzea".

Ion Gurutz Biteri, bizkarrez, martxa berria zuzentzen; alboan, txistulariak eta danbor-jolea. Irudia: Sara Lanz.

Zortzi lan saio egin dituzte guztira, azaroa eta martxoa bitartean, eta hogei pertsona inguru bildu dira. "Alardearen batzordearen markoa eta martxaren aldaketaren inguruan geneuzkan ikuspegi eta iritzi ezberdinak landu eta definitu dira", eta, aldi berean, "Alardearen izaeraren oinarrizko printzipioak identifikatu, eta batzordearen helburuak eta funtzionatzeko erak" zehaztu dituztela azpimarratu dute, martxa aldatzeko erabakia hartzeaz gain.

Prozesua amaituta, "pozik" daude "hainbeste jendek eta hain modu arduratsuan eta tinkoan" parte hartu izanagatik "adostasunera heltzeko", eta uste dute "lan kolektibo honen oinarrian" dagoela Antzuolako Alardearen etorkizuna: "Parte-hartzaile guztiok bat gatoz Alardea indartzea ezinbestekoa dela, nahiz eta iritzi ezberdinen jabe izan; hargatik, dei egin nahi diegu herritar guztiei Alardean zein honen antolakuntzan parte hartzera eta egiten ari garen ahalegin bateratu hau babestera".

Eginiko aldaketak

XIX. mendearen amaieratik egiten da Antzuolako Alardea, eta "tradizio hau gure kulturan errotzen joan dela" adierazi dute prozesuko parte-hartzaileek, "herriko ondare kultural nagusienetako bat bihurtu" den arte: "Izan ere, Alardea urtero irudikatzen da herritarren borondatezko parte-hartze zabalarekin, eta inplikatutako erakundeen elkarlanarekin". Haien esanetan, hainbat aldaketa izan ditu ibilbidean zehar, eta 2009koa izan zen "azkenekoa eta esanguratsuena: orduko talde eragile ezberdinei esker garaiko balioetara egokitzen jakin izan genuen jaia, gure herri nortasunaren ezaugarri bihurtuz".

Erlazionatuak

Martxa sortzeko zortzi irizpideak, Ion Gurutz Biteriren eskutik

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria mai 07, 13:00 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak