Guztira, zortzi irizpide hartu dituzte aintzat martxa berria sortzerako orduan:
- Marcha Real Fusilera-rekin, orain arte jo izan den martxarekin, antzekotasunik ez izatea.
- Jatorrizko abestiak –alegia, Marcha Real Fusilera– zituen berezitasun batzuk mantentzea, "interesanteak" direla iritzita; adibidez, danborren erritmoa.
- Kantua zerotik ez hastea, eta, horrenbestez, abesti bat hautatu eta moldaketa bat egitea: Jose Ignacio Ansorena konposatzaileak Antzuolako herriari eskainitako obraren biribilketa bat. Hain zuzen ere, lan horretan bada Antzuolako Alardearen egunean jotzen den zortziko bat.
- Ansorenaren lanaz gain, beste abesti bat ere aintzat hartzea: Gora euskara doinua. Honek presentzia du Alardean, Joxe Mari Iparragirrek antzuolarrentzat idatzitako bertsoak abestean jotzen baita. Are gehiago, Alfredo Gonzalez Chirlaquek, Bergarako Udal Bandako zuzendari ohiak, bandarako egin zuen Antzuolako doinuak konposizioan ere jotzen da, beste erritmo bat duen arren.
- Martxak kutsu edo erritmo militarra izatea, eta txistuari garrantzia ematea.
- Jotzeko erraza izatea, kontuan hartuta musikari batzuk –batik bat, txistulari batzuk– urtean behin ateratzen direla.
- Haizezko instrumentu metalikoak gehitzea: tuba bat eta bi tronpeta, baina txistua ardatz izanda. Hau da, metala ez badago ere kantuak funtziona dezala.
- Martxak koherentzia izatea Alardearen ospakizunarekin; esate baterako, mairuaren segizioak duen abestiarekiko kontrapuntua izatea. Baita Alardean egiten diren gainontzeko ekitaldietako abestiekin zerikusia izatea ere.
Biterik, zortzi irizpide horiez gain, beste bat aipatu du, pertsonalki nabarmendu nahi izan duena: "Polita izatea". Hala, "gustura" gelditu da eginiko lanarekin, eta eskerrak eman dizkie familiakoei, batzordekideei, Alboradak txistulari taldeko kideei, eta Martin Zaitegi eta Imanol Lizarralderi, tubarekin eta tronpetarekin laguntzeagatik.