Kezka iturri da Alardeko martxaren etorkizuna, ez baita jakinekoa zer gertatuko den datorren urtetik aurrera. Antzuolako Udal Gobernuaren hitzetan, Antzuolako Alardeak ereserki berria izango du 2025ean, "herrian sortutakoa, bide berriak urratzeko aukera emanda Alardeari, herritar denon parte-hartzea helburu". Hala ere, Antzuolako Alardea Kultur Elkarteak argitu du alde bakar batek hartutako erabakia izan dela jakinarazitakoa: "Antzuolako Udal Gobernuaren gehiengo batek Antzuolako Alardearen martxari buruz bere kasa hartutako erabakiaren aurrean, zera adierazi nahi diegu herritarrei: Elkarteak, momentuz, isilik egotea erabaki duela, une honetan Alardea antolatzea duelako bere lehentasuna. Ondoren, guk ere hitz egingo dugu".
Egoeraren jatorriari dagokionez, Udal Gobernuak jakinarazi du iazko aurkikuntza batean dagoela oinarria : "Herrian Alardeko martxa bezala ezagutzen duguna Borboien errege-etxeko himno espainiarra dela jakin dugunetik, Udalaren nahia berau aldatzea izan da. Ereserki honek duen sinbolo koloniala, gure herri identitatearekin bat ez datorrela ikusiz". Horretarako, azaldu duenez, Udalean Alardearen inguruko batzorde bat sortzeko erabakia hartu zuten, eta martxa berri bat sortzen jardun dute. Hala ere, aurten ez da joko: "Arazo ezberdinak tarteko; batik bat, denbora".
Egokitu beharra
Udal Gobernuak dio "Alardea herriko ondare kultural garrantzitsua" dela, eta herritarren "eginbeharra" dela bizirik mantentzea, egokituta: "Tradizioak biziko badira eguneratu eta momentuko errealitatera egokitzen joan behar dira". Esate baterako, aipatu du gazteleraz egitetik euskaraz egitera pasatu zela, eta "urrats garrantzitsua" egin zela emakumeen parte-hartzean ere. "Kulturen arteko errespetuan sakontzeko ere pausoak eman genituen, Mairuaren inguruko umiliazio keinuak ezabatuta". Hala, nabarmendu du oraindik "badagoela bidean zer egina".