2004an elkartearen sorrerarekin batera, argi zuten alardea ospatzea bezain garrantzitsua zela alardearen historia trasmititzea. Ordutik, alardearen ezaugarriak transmititzeko euskarri desberdinak erabili dituzte dokumentazio lan hori egiteko: ikerlanak, eskuorriak, ikus-entzunekoak eta abar. Euskarri arinago baten bila zebiltzala komikiaren ideiarekin topo egin zuten: "Komikiaren bitartez belaunaldi desberdinetara iritsi nahi izan dugu, gaztetxotatik hasita helduetara", azaldu du Antzuolako Alardearen Elkarteko Iñigo Ramirez de Okarizek. Gainera, era grafiko batean adierazi dutenez jendeak "errazago" irakurri eta ikusiko duela komikia uste dute.
Emaitzarekin gustura
Antzuolako Alardearen gizarteratzea helburu izanik, urrats bat gehiago egin du Antzuolako Alardearen Elkarteak, komiki baten aldeko hautua eginda. Hiru urteko lanaren emaitza izan da, eta elkartea oso pozik geratu da emaitzarekin.
Xabier Sagasta komikiaren egilea ere oso gustura geratu da orain arte zatika zuten hori osotasun batean eskuartean ikusi duenean. Horrekin batera, komiki honetan elkarlanak izan duen garrantzia nabarmendu du. Ilustratzaile arrasatearrak ez zuen Antzuolako Alardea ezagutzen, hori horrela, dokumentazio lan sakon baten emaitza izan da. Alardearen gaiarekiko interes pertsonal berezi bat ez izan arren, "iruditzen zait gai soziologiko eta kultural batzuk dituela" adierazi du Sagastak.
Komikiaren xehetasunak
Komikia atal desberdinetan banatu dute. Lehen bi atalak kapitulu bakarrean bildu dituzte, historia eta mitoa batuz. Bigarren atalean gaur egungo parte hartzaileei ematen diete hitza eta hirugarrena, aldiz, mutua da eta alardearen itxuran jartzen du fokua. Komikia xehetasun askok osatzen dute. Kontrazalak, esaterako, mezu ezkutu bat du.
Komikiaren argitalpenarekin, Atzuolako Alardea elkarteak herriko festaren garrantzia azpimarratu nahi du, eta alardearekin lotutako gertakari eta tradizioen transmisioa bultzatu.