Xabier Sagasta: "Alardearekiko piztutako jakin-minak eman dio egitura lanari"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mar. 20a, 19:55

Xabier Sagasta Lacalle ilustratzailea. Irudia: X.S.L.

Antzuolako Alardea komikia egin du Sagastak, Antzuolako Alardearen Elkartearekin batera; Alardea ezagutu ahala egituratu du, sustrai historikoetatik gaur egunera arte.

Antzuolako Alardearen gizarteratzea helburu izanik, urrats bat gehiago egin du Antzuolako Alardearen Elkarteak, komiki baten aldeko hautua eginda. Xabier Sagasta Lacalle (Arrasate, 1982) ilustratzaileak ondu du, enkarguz, eta gaur, martxoak 20, aurkeztu du, Olaranen.

Hiru urteko lanaren ondoren, argitaratuta; gustura gelditu al zara?

Sentsazio oso onarekin nago, eta irakurle mota ezberdinendako nahiko interesgarria den liburua dela uste dut: askotariko gaiak ageri dira, eta grafikoki ere nahiko aberatsa da. Gainera, komikiaren medioaren barruan sartzen da, eta hori beti da pozgarria: aukera asko eskaintzen ditu, batzuetan ez den arren guztiz ezaguna edo baloratua. Egon den lan giroarekin ere pozik nago.

Elkarlanean eginiko lana al da?

Hiru urte hauek ez dira izan enkargua jasoz geroztik bakardadean lan egiteko. Elkartearen jatorrizko ideia elkarrekin garatu dugu, eta, hala, komikia ere zabalagoa gelditu da.

Ezagutzen al zenuen aurrez Antzuolako Alardea?

Ez nekien existitzen zenik ere. Dokumentazio lana egin behar izan nuen, eta hor asko lagundu ninduen elkarteak. Bereziki, Iñigo [Ramirez de Okariz] izan dut hizketakide, eta Alardea ezagutzeko modua izan dut haren eskutik.

"ASKOTARIKO GAIAK AGERI DIRA, ETA GRAFIKOKI ERE NAHIKO ABERATSA DA; INTERESGARRIA"

Nola eraman duzu ezagutza hori komikira?

Elkartearen hasierako asmoa zen gaur egungo Alardearen balioak-eta aldarrikatzea komikian, baina pertsonalki, kanpotik etorritako norbait izanda, interesgarria iruditu zitzaidan haren sustrai historikoetan ere barneratzea; esaterako, testuingururako, mitoaren osagaian. Horrela hasi ginen lana egituratzen, eta, azkenean, Alardearekin kontaktuan sartu ahala piztutako jakin-minak eman dio egitura.

Zehazki, hiru ataletan banatuta.

Lehendabizikoan, Alardearen jatorri historikoa ageri da, eta bigarrenean, berriz, gaur egungo Alardearen prestaketa ez ezik, zaharberritzearen nondik norakoak, izaera, balioak eta helburuak aipatzen dira: parte-hartzaileen iritziak-eta jasotzeko aitzakia bat da, horretarako pertsonaia errealen eta fikziozkoen arteko elkarrizketak erabilita. Azkeneko atala mutua da, marrazkiekin osatua, eta Alardearen ospakizun eguna dago irudikatuta, herria eta ospakizuna elkartzen diren momentutzat adierazita.

Nola sortu dituzu irudi horiek guztiak?

Gai oso ezberdinak jorratzen dira, eta, horrenbestez, grafikoki ere askotariko hizkuntzak erabili ditugu: komikiko orriak azkar pasatzen dituenak ez dezala zerbait monolitikoa ikusi, baizik eta heterogeneoa, hala baita historia eta eduki aldetik ere. Lehenengo atalean, adibidez, iraganari eginez erreferentzia, Erdi Aroko paisaiak eta janzkerak irudikatzea bilatu da modu fidagarrian, garai hartako pinturetan-eta erabiltzen zituzten koloreak oinarri hartuz. Mitoaren atalean, berriz, errealitate irudikatuarekin apurtu nahi izan dut, kontraste handiagoekin-eta jokatuz.

"ORRIAK AZKAR PASATZEN DITUENAK EZ DEZALA ZERBAIT MONOLITIKOA IKUSI, BAIZIK ETA HETEROGENEOA"

Beste bi atalak, zelanbait esatearren, errealistagoak dira.

Bigarrenean elkarrizketek dute pisu handiagoa, eta, horrenbestez, narraziorako tresnatzat darabilt marrazkia, kolore suabeekin. Hirugarrenean, Alardearen festaren kromatismoa irudikatzea bilatu dut, gaur egungo jantzien-eta paleta erabiliz; gainera, partaideen irudikapena ere badago, euren burua ikus dezaten irudikatuta.

Kuxkuxean arituta, bat baino gehiago identifikatzen dira!

Urteetan egindako argazkiak eskuratu ditut, eta horrekin egin dut lan. Alardearen sintesi bat izan daiteke azken atal hori, ez baitaude urte konkretu bateko elementuak eta partaideak, baizik eta, askotakoak. Interesgarria iruditu zitzaidan urte ezberdinetan parte hartu duten herritarrak elkarren ondoan agertzea, eta haiek ezaguterrazak izatea.

Irudi horien lagun, berriz, hitzak; zuk sortuak al dira?

Komikiaren atzeko gidoia Alardeaz ikasi eta hausnartu ahala sortu zen, eta horrek zehaztu du liburuaren egituraketa; horrenbestez, lan berezia izan da testuarena. Nik idatzi nuen testuaren lehen lagin bat, baina parte batzuk garatu egin dira elkartearekin elkarlanean, komikiarekin erdietsi nahi zena modu eraginkorragoan lortzeko. Lehen atalean, narrazio historikoa denez, bere horretan gelditu da nik eginiko testua; bigarrenean egin dira, halere, moldaketak. Atal horren helburua Alardearen garapena azaltzea zen, eta nire gidoia, alde horretatik, oso pertsonala zen, folklorea eta tradizioa etortzen baitzitzaizkidan burura Antzuolako Alardeaz pentsatzean, eta herritarrek elementu horien artean sortzen zituzten harremanak. Baina ez zen hori bakarrik; beraz, hor egon da, batik bat, elkarlana. Presarik gabeko lana izan da, ahalik eta komikirik irakurriena erdiesteko, eta aproposa Antzuolako Alardean parte hartzen dutenentzat edo hurbildu nahi dutenentzat.

Elkarlanean, presarik gabe eta, esandako kontuengatik, xehetasun handiz?

Bai. Elkarlanak erakutsi digu gauza berriak lortu daitezkeela, askotariko gauzak kontatu daitezkeela, eta, horiei bizkarra eman beharrean, garatzen saia gaitezkeela

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak