Plastikozko edalontziak eta kristalezko botilak atera dituzte, batez ere, Antzuolako errekatik

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko uzt. 22a, 13:34

Goizean egin dute, auzolanean, jaien osteko urteroko erreka garbiketa Antzuolan, taldeka banatuta. Plastikozko edalontziak eta poltsak eta kristalezko botilak batu dituzte, gehienbat.

Herriko jaien ostean erreka garbitu ohi dute antzuolarrek auzolanean, Udalak antolatuta, eta horrelaxe egin dute aurten ere. Gaur goizean elkartu ziren zeregin horretarako herritarrak, 09:00etan, eta errekara heldutako hondakinak kanpora ateratzen aritu dira bi orduz, taldetan banatuta.

Plazatik gorako zatian ibili dira batzuk, eta errekan batutakoak kanpora atera dituzte, plastiko hori handietan sartuta, gero Udaleko kamioiak batzeko. Beste batzuei plazatik beherako zatia tokatu zaie.

Plastikozko edalontziak zein poltsak eta kristalezko botilak atera dituzte, gehienbat, errekatik, baina baita telefono mugikorren bat, gomazko hodiak eta erratzen bat, adibidez. Lehen askoz zikin gehiago batzen zutela zioten erreka garbiketan parte hartu dutenek eta Antzuolako erreka bera garbi eta bizirik dagoela gaineratu: "Amuarrainak ere ikusten dira, baina gartzak jaten dituzte".

Elkarrekin hamaiketakoa eginez bukatu zuten zapatu goizeko erreka garbiketa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak