ALBISTEAK

Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala onartu dute osoko bilkuran

Maider Arregi 2022ko ots. 23a, 13:55

Emakumeen Nazioarteko Eguna ate joka dagoen honetan, Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala izan dute eztabaida gai Antzuolako otsaileko ohiko osoko bilkuran. Udal Gobernuak gertu dauka egitarau zabala, eta bat egiteko deia egin die herritarrei.

Martitzeneko otsaileko ohiko osoko bilkuran, Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala izan da berbagai nagusia. Izan ere, Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan, Eudelek jasotako adierazpenari bi ekarpen egin dizkio EH Bilduren Antzuolako Udal Gobernuak, eta horrek, ezustean harrapatu dituela oposizioko kideak azaldu du Miren Elgarresta jeltzaleak: "Eudelen markoaren baitan onartutakoa adierazpena onartu dugu gaur. Egia esan, ez genuen espero marko horren baitan eta Eudelen zigilupean, beste bi puntu gehitzea. EAJ eta alderdi sozialista ezustean harrapatu gaitu, eta eskatu dugu bi puntu horiek aparte bozkatzea".

Hala, bi puntuak aparte bozkatzeko zuzenketa onartu, eta Eudelen adierazpena onartu dute aho batez. Ondoren banan-banan Udal Gobernuaren bi puntuak bozkatu dituzte. Batetik, aho batez onartu dute emakume, nerabe eta neskatoen ahalduntze indibidual eta kolektiborako ekintzak tokiko eragile feministekin batera bultzatzea jasotzen duen puntua.

Baina bestetik, ordea, ez dute onartu jeltzaleek etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren eta eguneko zentroaren eredu eta funtzionamenduan identifikatutako beharrei erantzuteko eta lan-baldintzak duintzeko helburua duen puntua. EH Bilduren botoarekin onartu da gaia eta alderdi sozialista abstenitu egin da. EAJk iritzi dio gai hori sakonago aztertu beharra dagoela: "Gai garrantzitsua da zaintzarena; aldez aurretik landu beharrekoa datuekin, eta bi esparru horien egoera eta ezagutza aldez aurretik partekatu beharrekoa, ondoren, alderdi bakoitzak bere posizioa defenda dezan. Duintasuna subjektiboa da, eta horrelako espaziotik bozkatzea saihestu behar dugu. Etxez etxeko zerbitzua udal gobernuari dagokio erregulatzea, eta daukagun datuen arabera, duintasun hori bermatua dago Antzuolan".

EH Bilduko Berdintasun zinegotzi Alazne Jauregik nabar mendu du langileen lan baldintzak hobetu daitezkeela, eta Eudelen adierazpena osatzen dutela bi puntu horiek. Gaineratu du udalak sustatu dezakeela langileen baldintzak hobeak izateko lanean: "Eudelen adierazpenean faltan sumatzen genituen bi puntu horiek. Uste dugu langileen baldintzak hobetu daitezkeela, eta udalak zeregina duela arlo horretan. Langile horien lekuan jarri eta enpatia erakustea, alegia. Euren lan baldintzak ahalik eta onenak izatea da helburua eta udaletik hori bultzatu nahi dugu".

M8ko egitaraua

Era berean, Martxoaren 8ko ekitaldiak ia lotuta dituztela aurreratu du Alazne Jauregi zinegotziak. Hala, martxoaren 4an, 80 Amandre ipuin kontaketa saioa eskainiko du Dorleta Kortazar ipuin kontalariak. Emakumeen Nazioarteko Egunean, berriz, manifestazioa abiatuko dute herriko kaleetan barrena arratsaldeko zazpietan hasita. Martxoaren 12an, zapatua, dantza tailerra antolatu dute eta Blanca Carrasco antzuolarrak gidatuko du saioa Torresoroan goizean. Interesa dutenek, aurrez izena eman beharko dute talde mugatua izango baitu ikastaroak. Eta, martxoaren 13an film emanaldia antolatu dute Torresoroan. Antzuolarrei parte hartzeko deia egin diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak