Kolektorea egiteko lanak hasiko ditu Ura Agentziak

Maider Arregi 2021ko mai. 7a, 09:00

Arizti eta Burubiko arteko kolektorearen lehen zatia ondorengo hilabeteetan has daitezen nahi du Ura Agentziak. Asmoa da aurten egitea lan hori, eta kontratazio deialdia martxan da; bigarren zatia, aldiz, Galartzatik aurrerakoa, geldi dago.

Debagoienean, Antzuola da, Elgetarekin batera, herriko ur-zikinak oraindik araztegira eramaten ez dituen herria. Ura Agentziak, Antzuolako Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak makina bat bilera egin dute adostasuna lortu guran, oraingoan, badirudi herriko urak araztegira eraman ahal izateko kolektorea egiten hasiko direla. "Orain bi aste, Ura Agentziarekin batzarra izan genuen, eta, behingoz, Arizti eta Burubiko arteko kolektore zatia lehiaketara aterako dutela jakin dugu; aurten egiteko asmoa dute", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.

Lanok, ordea, 2020an ziren egitekoak eta hasierako helburua bidegorriarekin batera egitea zen. "2019ko batzarretan, Galartza eta Bergara arteko kolektore zatia egitea ere aurreikusi genuen. 2020an, kolektorearen bi zatiak egitea, alegia, eta, modu horretan, kolektorearekin batera bidegorria ere egitea".

Beñardo Kortabarriak salatu du 40 urte daramatzala Antzuolak ur-zikinak errekara botatzen. "1980rako herriak ur-zikinak batzeko lanak eginda zituen, eta 40 urteren ostean errekara ur-zikina botatzen jarraitzen dugu. Astakeria hutsa da".

Kolektorearen bigarren zatia

Galartzatik Bergararainoko zatia geldi dago. "Ilunpeko estu-gunean erreka dago, eta, nolabait, erreka gainean egin beharko lirateke lanak. Ura Agentziak eraso ekologikoa dela deritzo. Errekara ur-zikinak botatzen dihardugula ikusita, arazo ekologiko hori gainditu egin beharko litzakeela uste dugu. Gainera, segurua ez den bidegorri bat sortu da. Herritar ugari errepide ertzean dabil, 200 metro ez direlako egiten, esandako arazoak daudelako eta bi erakunderen desadostasunagatik. Bitartean, herritarrak dira kaltetuak, beste behin".

Diputazioak dio Ura Agentzia bertan egiten ari den kanaliza-zio lana noiz amaituko zain dagoela bidegorria amaitzeko.

 

200 metro eskas, ezbaian 

Gipuzkoako Diputazioak gaineratu du bidegorri sarearen erabilera sustatu gura duela, eta dirulaguntza guztiak eskatzen dituela, baita Europakoa ere. Antzuolako Udalak salatu du Europako dirulaguntza funtsaren baitan ezin dela egon bidegorriaren azken 200 metroen egikaritza, eta "lehenbailehen egiteko" exijitu dio Diputazioari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak