Basolanak martxa onean; Jauregiko tuneleko obra, aldiz, geldi

Maider Arregi 2021ko mar. 11a, 14:23

Martxa onean doa Irimoi eta Lizarraga auzo artean egiten ari diren basolana. Eguraldia lagun izan dute, eta, horregatik, bide berdeak kalte gutxi izango ditu; dena den, lanok amaitzean, enpresak bidea txukundu egingo du erabiltzaileendako. Bestalde, azken orduan jakin du Udalak Jauregiko tuneleko obra ez dela martxoan hasiko. Basolanak amaituta ziren hastekoak.

Antzuolako trenbide zaharreko bide berdea beste pare bat astez itxita egongo da erabiltzaileendako aste barruan. Izan ere, Irimoi auzotik Lizarragarainoko tartean, Kaxeta inguruan hasita, basolanetan dihardute eta kamioendako pasoa dago bertan. "Pinuak botatzen dihardute, eta, lanok errazago egiteko, trenbidean bertan lan egiteko baimena eskatu zuten. Hilabete eta erdiz egongo da itxita bide berde zati hori. Eguraldi ona lagun izan dute, eta kalte handirik egin gabe aterako dituzte pinuak", azaldu du Ion Arangurenek, Nekazaritza eta Ingurumen zinegotziak.

Basolanak amaitutakoan, enpresa bera arduratuko da bidea txukuntzeaz. Bien bitartean, asteburuetan dute antzuolarrek trenbide zati horretan paseatzeko aukera. "Herritarrei eskatu gura diegu pazientzia pixka bat; elkarbizitza egoera hau ulertzea, alegia. Hala, zapatuan eta domekan sarrera erabilgarri egon dadin, txukuntzeko eskatu dio-gu enpresari, eta hala egiten ari da", argitu du zinegotziak

Jauregiko tuneleko obra, geldi

Martxoan hastekoak ziren bide berdeko eta Jauregiko tunelaren obrak; behin basolanak amaituta. Enpresak, ordea, lanei ez ekitea erabaki du azken unean, Gipuzkoako Diputazioarekin daukan desadostasuna medio. "Beste behin, herritarra da kaltetua. Enpresa berri bat kontratatzeko prozesuak luze jo dezake, gainera. Lanekin lehenbailehen hasteko borondatea eskatu gura diogu Diputazioari".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak