Jaiotzez osintxuarra, Lizaso baserrikoa, Balentin Aperribai Larrañaga, Antzuolan bizi izan da txikitatik. Panderoarekin abila zen, eta berak ikasitakoa herriko neska-mutikoei irakatsi gura izan zien. Hala, trikiti eta pandero eskolak eman zituen urte askoan, bere etxean, muxu-truk.
Trikiti Eguneko aitortza
2009an, Antzuolan ospatu zen Debagoieneko V. Trikiti Egunean, aurretik egindako lanaren aitortza jaso zuen. Ekitaldi hartan eskerrak eman zizkien bere irakasle izandakoei, bereziki, Alejandro Gorrizi. Eta, gogora ekarri zuen, panderoarekin eta trikitiarekin hasi aurretik, dultzaina jotzen zuela, eta aldaketa "gogorra" egin zitzaiola.