Ikasle ohi eta trikiti zaleen esker ona jaso zuen Aperribaik

Jon Berezibar 2009ko api. 26a, 15:15
Omenaldia egin zioten Trikiti Egunean Balentin Aperribairi, Antzuolako maisuari Debagoieneko Trikiti Egunean. Aurten ere, bosgarren ekitaldian, giro onari eta parte hartze handiari eutsio dio jaiak. 200 trikitilari baino gehiagok jardun zuten Antzuolako kaleak animatzen zapatuan.

Ondo sustraituta badago ere, ez dirudi esku-soinua gurerako instrumenturik egokiena denik. Hauspoak lehor behar du eta  langarraren umeletan ezin kalejirarik egin. Beraz, zirimiriak atseden hartuko zain hasi zuten festa Antzuolan zapatuan. Eguraldiari tankera onik hartu ez eta kalejira herriko arkupeetan egitea erabaki zuten. Ibarretik eta Soraluze eta Zumarragatik etorritako 230 bat ikaslek jardun zuten eguerdira arte kalerik kale, giro bustiari aurre eginez. Eguraldian itxaropen gutxi izanda, Zurrategi plazan karpa ipini zuten antolatzaileek eta han egin zuten hitzordua jotzaile guztiek ekitaldi nagusirako. Eskola bakoitzak pieza bana jo zuen, kantu nahiz dantza eta guzti batzuek, eta ostean etorri zen Balentin Aperribai maisuari egindako omenaldi beroa.

Omenaldia

Antzuolako trikitilari belaunaldiak elkartu gura izan zituzten eta horretarako 30 bat beterano igo ziren Zurrategiko kioskora Aperribairekin batera jotzeko. Omenezko panderoa jaso eta haren lehenengoko ikasle izandako Jon Ezkurrarekin jo zuen. Ostean trikitilariak oholtzara igo eta guztiek batera maisuarekin jo zuten amaitzeko. Hunkiturik jaso zuen omenduak ikasle ohi eta herritarren gorazarrea. Ezer  espero ez eta "asko estimatzen zuela" zioen Aperribaik. Dultzainero izanda ere, soinuarekin hasi zela azaltzen du hark, nahiz eta nahiko "aldrebes" moldatu hasiera. Hori ez zen, halere, eragozpen izan Antzuolan hamaika gazte trikitira gerturarazteko. Esker beroa emateaz gain, Aperribaik ere gogoan izan zituen haren maisuak, Gorriz aitatuz, eta baita ere Osintxutik etorri zenean Antzuolan egin zioten harrera. Eguerdikoak eginda – eta eguraldiak ordurako zaputz ezin zezakeen giroarekin – nahitaezko poteoaren ostean pilotalekura joan ziren trikitilari, zale eta senideak.Bazkarirako 320 lagunendako tokia eginda, aterpean segitu zuen jaiegunak.

Jai giroa eguna amaitu artean

Bazkaritan jandakoak erretzeko arratsaldean dantzaldia izan zuten Trikizio taldearekin Zurrategin atzera ere. Batekin nahikoa ez eta bigarren erromeria baten eske zabiltzatenek beteta ikusi zuten haien nahia eta gauean dantzaldia izan zuten berriz ere, oraingoan, baina, Bide Batez taldearekin. Dantzazaleak bezain pozik antolatzaileak ere. Eguraldi kaskarra bai baina "espero ezin zitekeen ezer ez" zela zioen Jabier Etxanizek eta, "bestela, jaiak urtero duen giro onari eutsi" diola azaltzen zuen zapatuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak