Bukatu dira Antzuolako jaiak. Lau egunetan, umeendako jolasak, musika, herri bazkaria, antzezlana…. eta bestelakorik ez dira falta izan. Mairuaren Alardea izan da ekitaldi jendetsuena.
Joseba Iparragirre, 17. urtez
Jaietako ekintza nagusia eta hunkigarriena da Alardea. Herritarren %10ak hartu zuen parte ikuskizunean eta horien artean, hamazazpigarren urtez, Joseba Iparragirrek burutu zuen alardeko paper nagusietako bat, buruzagiaren papera. Urtero moduan, jendez lepo bete zen Herriko Plaza.
Txanpinoi txapelketa eta kuadrillen arteko jokoak
Bariku eguerdian baina, fin-fin ikusi genituen herritarrak gastronomia txapelketan. Aurtengoan, hamaika talde aritu dira txanpiñoirik onenak prestatzen
Aurten lehenengoz baina, kuadrillen arteko jokoak egin dituzte. Bederatzi neska-mutil kuadrillek parte hartu zuten eta pike sanoren bat edo beste ere izan zen euren artean.
Atzo amaitu ziren aurtengoak
Atzo, Larrain dantzarekin eta hontzaren igoerarekin, amaitu ziren Antzuolako festak. Arratsaldean herritar ugari gerturatu zen plazara Korte dantza ikusteko. Giroa berotu ostean, Oinarin dantza taldean antolatuta Larrain dantza egin zuten. Ume, gazte zein helduk egin zuen dantzan. Gaurko Debagoiena Zuzenean saioan, Antzuolako jaiek eman duten guzti-guztia ikusgai izango duzue arratsaldeko zortzietan hasita.