2. 675.343 euroko aurrekontua onartu zuten atzo, martitzena, Antzuolako osoko bilkuran EHBilduren botoei esker. Horietatik ia 250.000 euro inbertsioetara bideratuko du Udal Gobernuak. Inbertsio ekonomiko potoloen artean dago Sagasti auzoan, jarriko den ur-jolas parkea. 133.000 euroko kostua izango du herritarrek urtetan egindako eskaerari erantzuna emateko egingo den ur-parkeak.
Egingo diren inbertsioen artean daude besteak beste, trafiko-araudia landu eta seinale programagarriak jartzea, bola eta toka gunea egitea, Ondarre auzoan argiteria sarea berritzea edo Beheko auzoko baranda konpontzea. Lehen sektorea indartzeko proba pilotua jartzeko ekimena edo Atzuola-Ahierra arteko senidetza indartzearen programa ere bultzatuko dute aurtengo inbertsioek.
"Aurrekontu hauen helburua Antzuola bizitzeko toki hobeagoa egitea da; baita bisitan datorrenarendako ere", azaldu zuen Beñardo Kortabarria alkateak.
EAJ eta PSE-EE aurka
EAJk aurrekontuen aurkako botoa eman zuen "kontinuistak eta inprobisatuak" direla egotzita. Alderdi sozialistak ere aurkako botoa eman zuen "gobernu programa argia" ez zela argudiatuta.
Elkarlana
Hala ere, EH Bilduk eta EAJk elkarrekin, Antzuolako Plan Orokorra landuko dutela adostu dute eta 2025ean nolako Antzuola gura duten ere hausnartuko dute elkarrekin.
Alderdi sozialistaren mozioa
Bestalde, alderdi sozialistaren energia pobreziaren gaineko mozioa onartu egin zen EH Bilduren botoei esker. Udala, beharra duten herritarrei laguntzearen aldekoa dela azpimarratu zuen Udal Gobernuak. EAJ abstenitu egin zen babesteko legeak, prebentzio gisa, aurrez egin behar zirela argudiatuz.