2016ko aurrekontuaren zirriborro "errealista" aurkeztu du Antzuolako Udal gobernuak

Maider Arregi 2016ko ots. 3a, 15:00

 Antzuolako Udal gobernuak 2016ko aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu zuen martitzenean osoko bilkuran. Aurtengo aurrekontu zirriborroa 2.629.343 eurokoa da. Izan ere, asmoa du EH Bilduk, EAJ eta PSE alderdien proposamenekin osatzea eta hau landun ostean, otsailaren 29ko osoko bilkuran aurtengo aurrekontuak onartzea. 

Beñardo Kortabarria alkateak aurrekontu "errealistak" direla azpimarratu zuen atzo: "Bi hilabetez 200 ideiatik gora jaso ditugu auzo alkateekin, erretiratuekin, elkarteekin, herritarrekin... bildu ostean. Modu horretan herritarren beharrak jaso, aztertu eta lau urtetarako plangintza egin dugu". EAJko bozeramaile Basili Ormazabalek, ordea, aurrez aurrekontuen berri ez izatea leporatu zion Udal gobernuari.  


Inbertsio nagusiak
Aurtengo inbertsioei dagokienez, nobedade eta proposamen ugari aurkeztu zituen EH Bilduk. Besteak beste, seinale programagarriak jarri gura dituzte eta trafiko araudia landu. Eta modu horretan, aguazilari isunak jartzeko eskumena eman.
Herri eskolan ere aldaketak egingo dira eta hau handitzea ere bada asmoa; bestetik esan, erreka ondoko bost kilometroko baranda konpondu gura dutela eta Beheko auzoan dagoen hezetasun arazoarekin amaitu gura dutela. Eta erretiratuek eskatuta, Torresoroa atzealdean bola tokia eta toka jokorako gunea jarri gura dute (3.000 euro).
Baina zalantza gabe, aurtengo inbertsioaren zatirik handiena Sagasti auzoan jarri gura duten jolas egiteko ur parkea da (133.000 euro). "Ez da igerilekua, eta beraz ez du soroslerik behar; ezta ere igerileku batek behar duen mantenua. Eskuz sakatuta martxan jarriko diren ur-jolasak izango dira".


Antzuolako baserrietako ur sarea berritzen segituko du Udalak (40.000 euro). "Ur tratatua eraman gura dugu baserri guztietara. Aurten beste fase bati helduko diogu eta ea Txangala auzoraino iristen garen". Lur azpiko argiteria sarea ere hondatuta dagoela aurreratu zuten eta aurten Ondarren hasiko direla berritze lanak egiten: "Hondatuen dagoen auzotik hasiko gara argiteria sarea konpontzen aurten, Ondarretik, alegia; eta gero Antiguan eta Kale Barrenen egingo ditugu konpontze lanak".


Bestelako ekimenak 
"Inbertsio gutxikoa baina, garrantzitsua" dela azpimarratu zuen alkateak Antzuola eta Aiherraren arteko harremana sustatzeko gaztetxoen artean martxan jarri nahi duten ekimena. "Udalekuen laguntzarekin, uztailean, Aiherrako gaztetxoak gurera etorriko dira harremana indartzeko; asmoa da herritarrek euren etxeetan jasotzea  harremana sendotzeko".


Lehen sektorea indartzea ere gura du EH Bilduk. Hala, proiektu pilotua jarriko da Antzuolan. "Hazirekin, eskualdeko Landa Garapenarekin eta Diputazioarekin, Antzuolan lehen sektorea indartzeko ekimena  martxan jarri gura dugu", azaldu du.


Eta UEMArekin elkarlanean beste proiektu bat ere laster abian jarriko da: "Antzuolako gazteen artean euskararen erabilera jaitsi egin zela detektatu genuen. Horregatik gazteriak dituen ohiturak aztertuko ditugu", azaldu zuen Jon Ugarteburu Euskara zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak