Antzuolako Udalak dio herritarrek hiri hondakinen %87 sailkatuta batzea lortu dutela

Hiru urte bete berri dira Antzuolan atez ateko sistema ezarri zela. Jose Mari Iturbek, Hondakinen Jarraipeneko Batzordeko kideak, balorazioa egin digu: "Hiru urteren ostean, Antzuolan hondakinen kudeaketan aldaketa nabarmena egon da. Gure ikuspuntutik aurrerapauso handia eman da eta Antzuola erreferente da Gipuzkoa eta Debagoienean".

Iturbek azpimarratu digu errefusa zazpi bider gutxiago jasotzen dela: "Hasieran 400 tona inguru jasotzen zen, eta orain, 60 tona. Ontzi arinen bilketa ere bikoiztu baino gehiago eginda". Organikoari dagokionez, bilketa %40a dela ziurtatu dela esan digu.

Erronka berriak

Herritarren jarrera ona ikusita, 2014an errefusa gutxitzea dutela helburu dio: "Antzuolarrek hondakinak oso ondo sailkatzen ikasi dute. Honek aurrera egin behar du. Ezin dugu geroz eta hondakin gehiago sortu,ez du etorkizunik-eta. Neurri batzuk hartu daitezke horretarako: autokonposta egitea edo tupper-a erabiltzeko kanpainak indartzea. Arrandegira adibidez, dagoeneko herritar dezente joaten da tupper-arekin. Ea orain harategietara ere zabaltzen den ohitura".

Balorazio positiboa

Aurten, hondakinen %87a birziklatzea lortu dutela kontatu digu Iturbek, esperotakoa baino gehiago: "Gure aurreikuspena baino datu hobeak lortu ditugu. Izan ere %80 inguruan kokatzen genuen birziklapena Antzuolan. Datu oso onak dira eta balorazio ezin hobea egiten dugu Hondakinen Jarraipen Batzordetik. Esan ere, ontzi arinak pertsonako. 31 kilo batzen direla; Eta organikoari dagokionez, datua goraka doa: biztanleko 80 kilo".

Herritarrei zabalik

Hasiera gogorra izan zela dio Iturbek baina pixkanaka herrian ondo barneratu dela sistema dio: "Hasieran tentsioa izan zen; erabaki gogorrak hartu behar ziren-eta. Baina ondoren ikusi da herritarrak geroz eta hobeto erantzun dutela eta hondakinak ondo sailkatzen dituztela. Parte-hartzea beti izan dugu zabalik eta oraindik ere guregana jo nahi dutenek badute aukera".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.