Aitor Gonzalezek eraman zuen Antzuolako saria

Edu Mendibil 2011ko uzt. 11a, 19:48

Hondartzarako baino, kirola egiteko giro aproposagoa egiten zuen domekan. Lasterketa hasi baino lehen lanbroa bazen ere, txirrindulariek irteera egin zutenerako atertu egin zuen. Eta gogoz hasi ziren txirrindulariak. Lehen erasoak berehala hasi ziren eta horrekin batera lehenbiziko karrera uzteak.

82 txirrindularik ekin zioten Antzuolako 66. sariari (Iñaki Lete Memoriala) eta horietatik 40 baino ez ziren iritsi helmugara. Gogoz diogu, antolatzaileek aurreikusitako baino abiadura biziagoan ibili zirelako txirrindulari gazteak.

Aitor Gonzalez irabazleak, batez beste, 45,950 kilometroko orduko abiadura markatu zuen eta gauzak horrela, helmugan besoak altxatu zituenean, ikusle bat baino gehiago bermuta hartzen zegoen. Antolaketak egindako kalkuluek huts egin zuten, ia ordu erdi aurreratu baitzen irabazlea atzo.

Esan behar da azken urteotako ibilbidearekin bazela nobedaderik aurten. Azken kilometroetan, Kanpazar igo ondoren, Elgetara jo beharrean, Asentziotik Epelerako bidea hartu zuten. Hain zuzen, bost bat kilometro luzeagoa zen lasterketa azken ekitaldiekiko.

Asentzio, erabakigarria

Eta Asentzioko igoeran erabaki zen karrera. Debabarrena taldeko txirrindulariek Aitor Gonzalezen aldeko lan aipagarria egin zuten goiz osoan zehar eta apustua primeran atera zitzaien. Gonzalezek tropela atzean utzi zuen 20 kilometroren faltan eta Antzuolaraino aldeari eutsi ahal izan zion.  Bere lehenbiziko garaipenaz lasai asko gozatu ahal izan zuen Gonzalezek: 15 segundo atera zizkion bigarren sailkatu zen Jesus Herrero Camargo taldeko txirrindulariari.

Antzuolako kaleetan Gonzalez harrapatzen saiatu zen Herrero, baina ezinezkoa izan zen. Herreroren atzetik zortzi lagunez osatutako taldetxoa iritsi zen eta handik aurrera gainerako txirrindulariak, taldetxo txikietan banatuta. Laugarren sailkatu zen Iñigo Ojedak eraman zuen mendiko saria.

Beste hiru proba ibarrean

Antzuolako probaren ostean, Caja Rural taldeko Nick Van Geffen gazteak jarraitzen du Lehendakari Txapelketako lidergoan. Esan bezala, bosgarren proba zen Antzuolakoa eta oraindik beste 21 falta dira txapelketa amaitzeko. Aurten 23 urtetik azpiko txirrindulariak ari dira Lehendakari Txapelketan. Hurrengo aste bukaeran beste bi proba jokatuko dira, zapatuan Sopelan eta domekan Beasainen.

Debagoienari dagokionez, abuztuaren 16an izango da Aretxabaletako proba, Euskaldun Trofeoaren barruan, 23 urtetik azpikoendako eta elite mailakoendako. Eta irailean iritsiko dira Lehendakariko azken hitzorduak, 17an Oñatin eta 18an Bergaran hain zuzen ere. Bien bitartean, makina bat kilometro dituzte aurrean amateur mailako txirrindulariek. Uda sasoian ez da haiendako oporrik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak