Jarraian, maila berean, Arrasateko Arabaolaza-Etxagibel eta Gatzagako Barandiaran-Aizpururen arteko norgehiagoka zegoen aurreikusita; baina, Barandiaranek min hartu zuen zapatuan, eta ezin izan zuten partidua jokatu. Mauri Zubillaga epaileak arrasatearrei eman zien garaipena.
Garate-Saratxaga
Infantiletan, Garate arrasatearra eta Saratxaga amurrioarra 22-17 gailendu ziren, Moron eta Egiak osatutako bikotearen aurrean. Maila onean daudela erakutsi zuten laurek, publikoari jokaldi onak eskainiz eta partidu polita jokatuz. Hasieratik jarri ziren aurretik irabazleak.
Partidu erdian, arrasatearrek aldea murriztu zuten. Bada, urdinak konfiantzarekin jokatzen hasi ziren, aldea ostera ere handituz. Horri gehitu behar zaio Moronek Egiari pilota larregi utzi zizkiola. Esan bezala, 22-17 galdu zuen Moron-Egia bikoteak.
Maila berean, Murua-Iturriotz (Arrasate) eta Urtaz-Azpitarte (Elorrio) irten ziren jarraian Leintz Gatzagako pilotalekuko kantxara. Bizkaitarrek 22-8 irabazi zuten.
Azkenik, seniorretan, ez zen lehiarik izan. Uriarte-Mondragon arrasatearrak ez ziren agertu, eta hortaz, Oiartzabal-Zubizarretari eskoriatzarrei eman zion epaileak partidua. Lazkano-Bolinaga (Arrasate) eta Urrutia-Zubizarreta (Eskoriatza) bikoteen kasuan, Bolinagak astebetean lau partidu dituela eta Gatzagan ez zuela parte hartu behar jakinarazi zuen.
Domekan, lau partidu
Datorren domekan jarraituko dute txapelketarekin. Lagun arteko lehiez gain, erabakigarriak izango diren lau partidu jokatuko dira: lehenengo, gazte mailako Arabaolaza-Etxagibel (Arrasate) eta Arregi-Prieto (Arrasate); bigarrenean, Barandiaran-Aizpuru (Leintz Gatzaga) eta Urrutia-Urzelai (Aretxabaleta); nagusietan, Oiartzabal-Eneko Zubizarreta (Eskoriatza) eta Urrutia-Josu Zubizarreta (Eskoriatza); eta azkenik, Uriarte-Mondragon (Arrasate) eta Bolinaga-Lazkano (Arrasate). Finalak, ostera, irailaren 9an eta 11n jokatuko dituzte.