Jose Luis Campo Sustrai Aloñako presidentearen arabera, ez da lan erreza izan taldea EBA mailan ikusi ahal izatea. "Lan asko egin behar izan dugu bai kirol aldetik eta baita alor ekonomikoan ere. Kide guztiek erakutsitako ilusioa ikusita, aukera hau ez galtzeko aurrera egitea erabaki genuen, zaleei eta Oñatiri aukera historiko hau emateko" adierazi zuen Campok.
Aurrekontuari dagokionez, Aloña Mendiko saskibaloi sailak 85.000 euroko aurrekontua izango du datorren denboraldian, eta horietatik ia 60.000 euro talde nagusiarentzat izango da. Jauzi garrantzitsua da hori, iaz, 40.000 eurokoa izan zen-eta sail osoaren aurrekontua. Finantziazioari buruz, Campok azaldu zuen hiru enpresa handirekin ari direla negoziaziotan eta gaineratu, negoziazio hauek ez badute emaitzarik ematen, dirua lortzeko beste ekimen batzuetan pentsatuko dituztela. Dena den, animozko hitzak ere izan zituen: "Talde teknikoak eta jokalariek maila honetan egoteaz gozatu behar duzue, egiten dakizuena ahalik eta hobekien eginaz" esan zuen.
EBA mailan aritzeko, instalazio aldetik ere hainbat hobekuntza egin beharko dira Zubikoa polikiroldegian, eta Aloñatik esan zuten udalak eman duela hitza hobekuntza horiek egiteko. Ainhoa Martin kirol zinegotziak bere aldetik, esan zuen ohore bat dela herriarentzat horrelako talde bat izatea eta udaletik babes osoa jasoko dutela gaineratu zuen.
Etxean sendo
Xabier Igartua entrenatzaileak ere hartu zuen hitza aurkezpenean. Orain arte taldeak izandako ibilbidea gogoratu zuen, baita zaleen patetik jasotako babesa ere. "Egon ahal dira gu baino talde hobeak, baina gure ikusleak bezalakorik ez dugu aurkitu; eta seguru hurrengo denboraldian ere ez dugula aurkituko" esan zuen Igartuak.
"Aurreko hiru denboradiak amets bat izan dira guretzat, eta amesten jarraitzea da gura duguna" gaineratu zuen eta zaleen aurrean eta euren laguntzarekin etxean gogor mantentzeko nahia ere azaldu zuen: "Gura badute, etor daitezela Oñatira turismoa egitera, baina ez partiduak irabaztera".
Lau aurpegi berri
Taldea osatuko duten jokalariei dagokienez, iazko jokalari guztiek jarraituko dute taldean, baina errefortzuak ere izango dituzte, Asier de la Iglesia, Gorka Kintana eta Jon Lekuona jokalariak eta Gorka Alartzia bigarren entrenatzailea. De la Iglesiak, Kintanak eta Alartziak gainera, ondo ezagutzen dute EBA maila, han jokatutakoak dira-eta.
Denboraldi berriari dagokionez, egubakoitzean bertan amaitu zen taldeek izena emateko epea, beraz oraindik ere zehazteko dago noiz hasiko den.