Hasiera baten bi urtez izango da presidente eta Enekotegirekin batera beste 15 lagunek osatuko dute zuzendaritza taldea. Eduardo Altube presidente ohiaren taldeak Arkupen batutakoen oniritzia jaso zuen batzarrean. 70 lagun inguru batu ziren eta ordu eta erdi pasatxo iraun zuen asanbladak.
Gai polemiko bakarra
Eztabaida piztu zuen gai bakarra zuzendaritza berriaren proposamena izan zen. Gipuzkoako beste hainbat elkartetan gertatzen den bezala, maila guztietako jokalari bakoitzari 70 eurotan abonatu txartela egitea zen proposamena. Eztabaida luzearen ondorioz zera adostu zuten batutakoek: 18 urtetik gorakoak bazkide egin beharko dira derrigor eta hortik beherakoen kasuan nahikoa izango da etxean abonatu txartel bat izatea. Beraz, bazkidea den guraso batek nahikoa izango du 70 euro ordaindu, haren seme-alabak (kopuru mugarik gabe) UDAn jokatzeko.
Hurrengo urterako aurrekontua ere onartu zuten. 205.581 euro izango da 2011-12 denboraldirako aurrekontua. 10.000 euroko defizita aurreikusi dute zuzendaritza taldekoek. Honela banatzen da aurrekontua: Ohorezko erregionala, 78.518 euro; Erregionala, 18.742 euro; Azpiko mailak, 66.461 euro; Instalakuntzak, 5.160 euro; Beste kirol sailak, 3.400 euro; eta gastu orokorrak, 33.300 euro.
Diru sarrerei dagokienez, honako hauek aurreikusten dira: arruntak, 105.860 euro; erregionala, 2.900 euro; azpiko mailak, 50.030 euro; eta dirulaguntzak, 37.075 euro.
Kuoten kasuan, iazko prezioei eustea proposatu zuen zuzendaritzak: bazkide babesleek 100 euro ordainduko dituzte; nagusien kuota 70 eurokoa izango da; erretiratuena eta gazteena 30 euro; eta infantilena, 20 euro.