Azaroak 25 egunari lotutako adierazpen bateratua aurkeztu dute Euskal Herria Bilduk eta Eusko Alderdi Jeltzaleak Oñatiko azaroko osoko bilkuran. Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, euskal erakundeek, gizarte-erakundeek eta komunitatea osatzen duten kide bakoitzak ere konpromisoa hartu behar dutela jaso dute testuan.
Indarkeria matxistaren aurrean ez dagoela neutraltasun egoera posiblerik aldarrikatu dute udal ordezkariek, gogora ekarriz ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere badituela dorioak. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte aurrera pauso bat ematera: entzun, lagundu eta sostengatzera; interesa agertzera, jarrera bat hartzera eta konponbidean parte izatera.
Halaber, Oñatiko Udalak hartutako konpromisoen artean dago, herritarren sareak aktibatzea, indarkeria matxistari aurre egiteko edo antzemateko, biktimei laguntzeko, eta, bereziki, mutilak eta gizonak mobilizatzeko.
Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna
Datorren Euskararen Nazioarteko Egunari lotuta, EH Bilduk zein EAJk, alderdi biek adierazi dute mozio bateratu bat adostu ez izanaren pena bakoitzak bere testua irakurri aurretik. EH Bilduk testu propioa aurkeztu du, euskararentzat estatus berri bat eskatuz, bere ustetan jauzi kualitatiboa behar duelako hizkuntzaren estatusak eta jauzia behar dutelako politika publikoek herritarrak euskaraz eroso bizi daitezen. Horrek etengabe aurrera egitea eskatzen duela dio eta konpromisoak hartu behar direla, euskarak ez dituelako bakarrik aldeko mezuak eta diskurtsoak behar. Alderdi jeltzaleak, berriz, hainbat erakundek, Eudel tartean, sinatutako ‘Ni euskara naiz’ adierazpenaren alde egin du.
Jeltzaleak abstenitu egin dira EH Bilduk aurkeztu duen testuaren bozketan eta EH Bilduk kontrako botoa eman dio jeltzaleen idatziari. Gehitu du oldarraldiak normalizazioaren oinarria izan diren egitura juridikoak ahuldu dituela, hizkuntza nazionalaren izaera aitortu behar zaiola euskarari eta izaera horri dagokion garapen juridiko osoa ahalbidetu, badela garaia lehentasunezko eta erabilera normaleko hizkuntza bilakatzeko funtzio, espazio eta plaza nagusietan.