Motxila txiki batean sartu zuen beharrezkoa zuen guztia David Vernazak (Quito, Ekuador, 1981); jaioterria utzi, eta Italiara joan zen, lan bila. Han urtebetez egon ostean, Andaluzian egon zen sei hilabetez, eta handik Oñatira etorri zen zuzenean. Azaroan bete ditu 26 urte Oñatin, eta, ordutik, ostalaritzan egiten du lan. Duela zortzi urtetik, Iturritxo tabernako jabea da, eta han erantzun ditu GOIENAren galderak.
Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?
Arrunta izan zen. Ez dakit zer esan. Familia handi bateko kidea nintzen. Beti jolasten ibiltzen nintzen. Parkean lagunekin egoten nintzen, eta eskolan, nire anai-arrebekin.
Zenbat urte bete arte bizi izan zinen Quiton?
18 urte bete arte. Italian egon nintzen urtebetez. Handik Andaluziara joan nintzen, sei hilabeterako, eta ostean etorri nintzen Euskal Herrira. Euskal Herrian 26 urte daramatzat. Errenterian bizi izan nintzen; ondoren, Donostiako Amara auzoan; eta, geroztik, hemen, Oñatin.
Zergatik utzi zenuen Ekuador?
Beti entzuten genuen Italian lan asko zegoela, eta abenturan murgiltzea erabaki nuen, ikusteko ea zerbait topatzen nuen.
Zer-nolako abentura izan zen?
Motxila txiki bat hartu, eta zapatilekin eta beharrezko guztiarekin joan nintzen. Milanera joan nintzen. Lehen hilabetea oso zaila izan zen. Ez zen esaten zuten bezain erraza. Esaten zuten herria polita zela, lan asko zegoela... Hotelez hotel ibili nintzen, eta gero, lagunen etxeetan geratu nintzen. Lanean hasi nintzen, baina bukatu egin zitzaidan, han ez nuelako paperik. Horrela ezin nintzen han egon. Lagun batek esan zidan Espainian lan pila zegoela, eta beste abentura batean sartu ginen biok. Tren batean Bartzelonara heldu ginen, eta handik Andaluziara joan ginen.
Eta Euskal Herrira?
Andaluzian lan asko dago, baina paperen arazoa zegoen duela 26 urte ere. Jendea ezagutu nuen, eta hona etorrita paperak lortu zituztela jakin genuen. Hona etorri ginen, egoera nolakoa zen ikustera.
Noiz etorri zinen Oñatira?
2000. urteko azaroan etorri nintzen. Oraintxe beteko ditut 26 urte, hain justu. Lana topatu nuen hemen hotel batean, eta han sukaldean laguntzen hasi nintzen.
Gustatu zitzaizun Oñati?
Hasieran ez. Lehen, elurra egiten zuen, haizetsua zen... Ni klima epelekoa naiz, eta, bat-batean, hotz handia egiten zuen herri batean nengoen. Hasieran oso zaila izan zen.
"Iturrigorrik baso magikoa dirudi; burua lasaitzen laguntzen dit, toki desberdina da"
Ezerk harritu zintuen?
Bai eta ez. Lehendabizi, jendeak. Itxiak zarete, baina, denborarekin, irekiagoak zarete. Etorri nintzenean, atzerritar bat ikusten zuten, eta nor nintzen galdetzen zidaten. Italian jende asko bizi da, eta nor bere erara ibiltzen da. Hemen denok ezagutzen duzue elkar, eta berria zara.
Ondo hartu zaituzte hemen?
Bai, oso ondo. Jendeak bazuen interesa, eta nongoa nintzen galdetzen zidaten, zer egiten nuen hemen... Integratu egin naiz. Oso gustura nago hemen.
Italian zailtasunak aipatu dituzu, baina hemen?
Oñatin oso ondo. Jendearekin, lanean ere bai... Lehen, Oñatin lan pila zegoen; egun, gutxiago, agian. Etorri nintzenetik ostalaritzan egin dut lan, eta horrek ere eman dit aukera jendea ezagutzeko. Beste sukaldari oñatiar baten kuadrilla ezagutu nuen, eta kalean ere ezagutu dut jendea.
Quitoko bizimodua eta hemengoa desberdinak dira?
Bai, oso. Oñati herri txikia da, eta Quito, hiri oso handia. Bost milioi biztanle inguru ditu. Pentsa... Nire auzoak 12.000 biztanle zituen.
Zer duzu nahiago, herri txikia ala hiri erraldoia?
Hasieran ez, baina gaur egun, nahiago dut Oñati.
Gustuko lekurik baduzu Oñatin?
Mendia. Asko gustatzen zait mendira joatea, onddo bila. Oñatin ia mendi guztiak ezagutzen ditut. Lekurik politenak Aloña eta Iturrigorri dira. Iturrigorri, batez ere; baso magikoa dirudi. Burua lasaitzen laguntzen dit. Toki desberdina da.
Arrazakeriarik bizi izan duzu?
Hemen ez.
Nongoa sentitzen zara?
Erdi eta erdi. Hemengoa bai, integratua nagoelako, eta jendeak oso ondo hartzen nauelako. Baina Ekuadorren daude nire anai-arrebak.
Itzuli zara?
Duela sei urte egon nintzen han, eta ondo. Asko aldatu da. Ekuadorren bizimodua oso pasiboa da. Oñatin eta Euskal Herrian errutina markatuago daukagu; egun bakoitzean zer egingo dugun zehaztuago.
Non bizi izaten ikusten duzu zeure burua etorkizunean?
Euskal Herrian. Momentuz, epe laburrean, hemen, Oñatin. Luzera begira, ez dakit.
Euskaraz egin du elkarrizketa osoa
Handik hona atalaren idatzizko formaturako elkarrizketa osorik euskaraz egin duen gutxienetakoa da Vernaza, nahiz eta euskara perfektua ez izan; gainera, Oñatiko euskalkian. Dena den, ez da aste honetan egin duen bakarra; izan ere, publizitate kanpaina baterako deitu diotela aitortu du solasaldia amaitu eta argazkia atera ostean: "Euskaraz dakidalako uste dut jarri direla nirekin harremanetan. Ea zelan irteten den...".
Kalean ikasitako euskara
Euskara kalean ikasi duela nabarmendu du, eta aitortu du "derrigorrez" ikasi behar izan duela: "Hemen, Oñatin, oso-oso gutxi egiten zen gaztelaniaz. Dena euskaraz egiten da. Ikasi dudan asko kalean ikasi dut, lagunekin".
Kalean ikasi duen euskara hobetzeko, euskaltegian ibili da, bi urte eta erdiz. Hala ere, azaldu du euskara hizkuntza "zabala" dela, eta "zaila" iruditzen zaiola: "Ikasteko zailak diren gauzak dauzka. Oraindik ez dut menperatzen guztiz, eta hitz egitea kostatu egiten zait. Horregatik diot hizkuntza zabala dela".