Urbiako fonda berritzeko eta zerbitzua lizitatzeko helburuarekin abiatu zituen lanak Idiazabalgo, Segurako, Zegamako, Zeraingo, Donemiliagako eta Asparrenako udalek osatzen duten Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak joan den abuztuan. Lanei dagokienez, lehen pausoa fonda hustea izan zen –barruko tresneria guztia kendu zuten–, eta, hori egin ostean, abuztuan hasi ziren teilatua berritzeko lanak. Dagoeneko ia amaituta daude teilatuko lanak, baina oraindik "azken ukitu batzuk" geratzen direla adierazi du Partzuergoko lehendakari ohi eta Idiazabalgo alkate Iñaki Alberdik: "Teilatua ez dago guztiz amaituta, baina kontrolpean dago obra. Ia guztia eginda dago, eta geratzen dena da azkenengo erremateak ematea; hain zuzen ere, txukuntzea eta izkinak sendotzea, haize-boladek teilak eraman ez ditzaten".
Ondo bidean, datorren astean amaituko dituzte fondako teilatua berritzeko lanak
Hasiera batean lan horiek azarorako amaituta izatea espero bazuten ere, atzeratu egin behar izan dituzte, "egur ustel" batzuen ondorioz. "Horrelako lekuetan teilak altxatzen direnez, erdi ustelduak zeuden egur batzuk atera dira, eta horiek ere aldatu behar izan ditugu", esan du Alberdik.
Argiteriaren instalazioa
Ondo bidean, azken lan horiek datorren astean amaituko dituzte, eta horren ostean ekingo diote lanen bigarren faseari. Bigarren fase horretan "argiteriaren instalazio osoa" aldatuko dutela adierazi du Partzuergoko lehendakari ohiak: "Oso zaharkituta zegoen argindar-sistema, eta fondan altzari berriak sartzeak gaur egungo estandar energetikoetara egokitzea eskatzen digu". Plaka fotovoltaikoak eta energia-sorgailuak instalatuko dituzte horretarako. "Plaka fotovoltaikoak instalatuko dituzte energia-sorgailuekin batera; beraz, eguraldi ona egiten duenean plaketako energia erabili ahalko dute sorgailuen bitartez", gaineratu du Alberdik. Hala, azken bi pauso geratuko zaizkie lanei: batetik, argindar sistema aldatzea, eta, bestetik, sukaldea eta altzariak fondara sartzea.
Lanak, "aurreikusi bezala"
Alberdiren esanetan, orain arteko lanak aurreikusi bezala joan dira, eta, zertxobait atzeratu badira ere, "ez dute zailtasun handirik izan" lan horiek egiteko: "Egia esan, dena aurreikusi bezala joan da. Gertatu zitzaigun teilak kendu genituenean egur ustel batzuk zeudela, eta horiek aldatzeak lanak pixka bat atzeratu zituela. Baina aurreikusten genuen horrelako zerbait gerta zitekeela".
Ideia da hurrengo udaberrian zerbitzuaren lizitazioa deialdi publikora ateratzea, eta maiatz alderako lan guztiak amaituta izatea. Hala ere, horretarako lan guztiek "bikain" joan beharko dutela adierazi du Alberdik: "Buruan daukaguna da, beranduen jota, ekainerako edo uztailerako martxan izatea fondako taberna eta ostatua. Eta, noski, horrek esan nahi duena da lizitazioa hilabete eta erdi lehenago izan behar duela".