Kale Zaharreko irisgarritasun lanen berri eman die Udalak bizilagunei

Julen Murua Mesonero

Lanen lizitazio fasea hastear dago oraindik, baina Udaleko Hirigintza Batzordeburu Iñigo Ruizek adierazi duenez, aurreikusten da "datorren urteko lehenengo erdian lanekin hasi ahal izatea".

Kale Zaharreko irisgarritasun lanen lehenengo fasearen proiektua aurkeztu die Udalak Otadui Zuhaiztia eta Lizaur Kalea bitartean bizi diren bizilagunei, aurreikusitako hobekuntzen inguruko informazioa eskaintzeko eta zalantzak argitzeko. Izan ere, lanen lehenengo fasearen helburua izango da tarte horretako irisgarritasun arazoak konpontzea: "espaloiak zabalduko dira, zebra-bide gehiago jarriko dira, espaloien koskak kenduko dira eta garajeetako sarrerak hobetuko dira, besteak beste", dio Ruizek. Gainera, adierazi du "zaharkituta" geratu den auzo bat dela, "beste garai bateko estandarretan gelditu dena. Jende asko bizi den auzo bat da eta gaur egungo estandarretara moldatu beharra dago".

Lizaur Kaletik Kale Zaharrerako bidea.

Noranzko bakarreko errepidea

"Oinezkoentzako bide segurua eraikitzea" da asmo nagusia, eta horrek eragingo du, besteak beste, "errepide zatia noranzko bakarrekoa –Otadui Zuhaiztitik Lizaur Kalerako norantzan— bilakatzea".  Bizikletan doazenen kasuan, izango dute bi noranzkoetan ibiltzeko aukera. "Kasu horretan, Otadui Zuhaiztitik Lizaur Kalerako noranzkoan, errepidetik joango lirateke; eta, kontrako noranzkoan, erreka ertzean egingo den bidegorritik", adierazi du Hirigintza Batzordeburuak.

Irisgarritasun inklusiboa

Azken urteetan "herritar guztiendako bide seguruak eta irisgarriak eraikitzeko hartutako bidearekin" bat datorren proiektua da Kale Zaharrekoa (aurretik irisgarritasun lanak egin dira San Lorentzon, Olakuan, Errekalden eta Mendiko Kalen). "Azken urteetan etxebizitza berriak eraiki dira Kale Zaharrean, eta industriagune bat dago gertu. Otadui Zuhaiztia eta Lizaur Kalea artean erabilera desberdinak bizi dira elkarrekin, eta espazio muga nabarmena dago oinezkoentzako. Irisgarritasuna hobetzeko lanek ohitura aldaketa ekarriko dute, bai; baina beharrezko esku hartzea da. Horri esker, nabarmen hobetuko da oinezkoen eta bizilagunen segurtasuna", ondorioztatu du Ruizek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak