"Ongi etorri gordetzeko ezer ez daukagunon erakusketara. Ezinezkoa da minbizia hamahiru argazkitan kabiaraztea. Mimoz josi diogu irudia irudiari; hitza, hitzari. Hemen ez dago epaientzat tokirik". Berba horiek eta beste hainbat dira Iñurri elkartearen erakusketaren gidoi eta bidelagun. "Lasai ikusteko erakusketa da. Testuak irakurri, hausnartu, objektuak ukitu... Sortu ginenetik egin dugun guztiaren laburpen bat da erakusketa. Orain arte egin dugunaren ispilu bat", esan dio GOIENAri Iñurriko sortzaile Julene Illarramendik.
Erakusketaren irekieran hainbat herritarren babesa jaso zuten. Asko, Oñatiko Txingurrixak taldeko kideak. "Komunitate indartsua daukazue Oñatin, eta horregatik ekarri dugu bilduma hona. Hirugarren geldialdia da hauxe. Aurretik Hernanin eta Eibarren egon gara".
Askotariko informazioa
Diseinua, ilustrazioak, argazkiak eta testuak dira erakusketaren mamia. Minbizia duen pertsona batek bizi behar izaten dituen etapa guztiak eta egoera zaurgarri guztiak jaso dituzte bertan. "Gaixotasunari buruzko informazioa emateaz harago, gorputzei eta bizipenei buruzko hausnarketa egiteko balio badezake, helburua beteko genuke. Tabu asko daude minbiziaren inguruan, eta bagoiaz horietako batzuk apurtzen. Esango nuke gutako bakoitzak ezagutzen duela minbizia izan duen pertsonaren bat, eta horrek ekartzen dituen albo-kalteak", azpimarratu dute.

Julene Illarramendik 2017an sortu zuen Iñurri, ama minbiziarekin galdu zuenean. Orduan hartan sortutako Instagram kontuak hamarkada bat bete ez duen arren, ibilbide intentsua izan du. Sare bat sortzeko bidea izan da. Bularreko minbizia duten pertsonak biltzeko modua. "Badaukagu whatsapp talde bat. Eta norbaiten esaten badu kimioterapiaren ostean azala sikatu egin zaiola, segituan jasoko ditu erantzun mordoa, laguntza edo aholkuak ematen. Hori da sare bat".