Joan den urteko irailetik aurtengora, %4,43ko igo zen Kontsumo Prezio Indizea eta 2027ko udal tasei eta zergei igoera hori aplikatzea izan da EH Bilduk osatzen duen Udal Gobernuaren proposamena, "arduraz" egin duten ordenantzen proposamena. %4,43ko igoera orokorra izango da, baina, badaude salbuespenak; kiroldegikoa, esaterako, %7 igoko da, urtarriletik aurrera ordu erdi gehiago egongo delako zabalik astelehenetik egubakoitzera.
Alderdi jeltzaleak ondo ikusten du tasetan KPI-aren igoera egotea, baina aldi berean uste du zerga denak ez direla automatikoki igo behar, eta ordenantza fiskalek herriko arazo zehatzei erantzuteko tresna izan ere izan behar direla. Horregatik, aurka bozkatu du igoera orokorra %4,43 izateko proposamenean, gehiegi dela iritzita. Baina Udal Gobernuak dio emandako arrazoia, ez dela zuzena.
Udal Gobernuak adierazi du pozik ikusi duela eurak egindako proposamen asko onartu dituela oposizioak, aldiz, jeltzaleek egindakoak iazko berdinak direla arrazoitu du eta tasen igoeran bakarrik egin dute bat; jeltzaleek egindako beste proposamenetan ez datozela bat esan du. Adibidez, ez du ikusten auto elektrikoek kanpo espazioa erabiltzearren hobaria izatea, badituelako laguntzak Euskadiko Energiaren Erakundearen aldetik eta trakzio mekanikoko zergan ere hobarituta daudelako. Etxebizitzaren alokairuan ematen den hobaria ere, Alokabidetik eginez gero ematea babestu du Udal Gobernuak, guztietan, berriz, EAJk.
Prezioen igoeraz gain, tasak eta zergak aplikatzeko arrazoiak ere eguneratu dituzte, hala nola zirkoaren, barraka zehatzen edo auto elektrikoendako Udalak herrian jarritako zortzi karga-puntuena, adibidez.
Eva Gayubok zinegotzi karguari uko
Bestalde, gai zerrendako azken puntuan, EAJko Eva Gayubo zinegotziak uko egin dio bere karguari. Zinegotzi izatea berarendako erronka handia izan dela adierazi du Gayubok eta eskerrak eman dizkie ondoan izan dituen denei; lehen baino lagun gehiago dituela orain ere esan du. Xabier Mugarza bozeramaile jeltzaleak ere eskerrak eman dizkio alderdiaren eta bere izenean, lanerako kapazitate handia duen pertsona dela esanaz. Izaro Elorza alkateak ere eskerrak eman dizkio egindako lanagatik eta ibilbide berri ona izatea desio.