1993an iritsi zen Oñatira Ibis Rodriguez (Holguin, Kuba, 1964). Lehen urteak zailak izan ziren harentzat, baina orain ez litzateke Kubara itzuliko, "ezta hango egoera aldatuta ere".
Nola oroitzen duzu haurtzaroa?
Oso zoriontsu. Oñati bezalako herri txiki batekoa naiz. Eskolara joaten nintzen eta asko jolasten ginen: zuhaitzetara igotzen ginen, gerratan jolasten ginen, kartoizko kaxekin... Hori da alderik politena.
Noiz arte bizi izan zinen Holguinen?
1990ean edo 1991n Habanara joan nintzen. Kulturalki asko aurreratu nuen nire pentsaera. Herri itxi batean bizi nintzen, eta txiki geratu zitzaidan.
Aldaketa handia izan zen?
Erabatekoa. Nekazaritza ingurutik hiri urbanoago batera joan nintzen. Hiriburua oihana iruditzen zitzaidan. Oso lotsatia nintzen, eta hango egunerokoa oso azkarra da, oso azkar bizkortu behar duzu.
Oñatira nolatan etorri zinen?
Habanan lanean nengoela, Prado pasealekuan oñatiar bat aurkitu nuen. Alokairu bila zebilen. Nik ezagutzen nuen geratu zitekeen leku bat, eta harremana sortu zen orduan. Zaila izan zen erabakia hartzea. Nik ez nuen nahi, han oso ondo bainengoen. Fidel Castro zegoen eta Kubatik ateratzeko modu bakarra ezkontzea zen. Erabaki behar genuen harremanarekin jarraitu edo ez, eta, azkenean, han ezkondu ginen. 1993an etorri nintzen.
Hona etorri zinenean, zer?
Kultura-talka handia izan zen. Habanakoa baino handiagoa. Oso bakarrik sentitzen nintzen, oso triste. Oñatira etorritako lehenengo migranteetako bat izan nintzen. Herriko jaietan iritsi nintzen, eta paradisua zirudien; zoriontsu sentitzen nintzen. Baina festak amaitu zirenean, ene... ze tristura. Denbora asko pasatzen nuen etxean bakarrik, baina lagun on bat egin nuen, eta jendea ezagutzen lagundu zidan, eta hark zabaldu zidan bidea.
Zer izan zen zailena?
Zomorro arraro bat bezala ikusten ninduten. Gaur egun, migranteak kexatu egiten dira Oñatiz, baina esaten diet ez daukatela ideiarik ere. Asko aldatu den herria da; onerako, noski. Bost migrante bakarrik ginen, eta horietatik beltzak hiru bat ginen. Haurrek eskolan ukitu egiten ninduten, zikintzen ote nuen ikusteko. Ez da txantxa. Zerbait ezberdina zen.
Oñatiko zerk harritu zintuen?
Harritu, harritu... plazako emakumeak kuxkuxeroak zirela ikusteak. Bestela, ezerk ez. Ondo hartu eta tratatu naute Oñatin, ez dut bazterketarik bizi izan.
"Haurrek eskolan ukitu egiten ninduten, zikintzen ote nuen ikusteko; ez da txantxa"
Zer espero zenuen hemen aurkitzea eta zer topatu duzu?
Zoriontasun osoa aurkitzea espero nuen, baina ez dut izan zoriontasun oso hori. Klima ez zitzaidan axola, baina hemen kultura-talka handiarekin egin nuen topo. Planteatu behar izan nuen geratu edo joan. Gogor borrokatu behar izan dut, eta nire izaeraren zati bati uko egin diot, baina ez naiz damutzen. Alaba bat daukat, bizitzak eman didan oparirik handiena.
Kultura kubatarretik zer duzu gustuko?
Nik galdu dudan bat-batekotasuna. Zoriontasuna eta duten indarra ere bai. Ez daukate ezer, baina gutako edozein baino zoriontsuago dira. Oso patriotak dira, eta asko miresten dut hori.
Ohiturarik mantentzen duzu?
Janaria. Nire senarra congri-az nazkatuta dago –arroza babarrunekin eta txerrikiarekin–. Familian elkartzen garenean dantza egiten dugu: musika kubatarra jarri, eta lurreraino dantza egin.
Kubaz hausnartzen duzunean, zer datorkizu burura?
Hondartza, zoriontasuna... Herrikideen inbidia dut, haien zoriontasunagatik. Hemen dena daukagu, eta beti gara kexu; ez gara asetzen.
Uste duzu euskaldunok ezagutzen dugula Kuba?
Badaude hara joan diren euskaldunak, baina uste dut Kuba idealizatuta dagoela. Bilketak egiten dira, baina ez da lagundu behar boterea duten horiek nahi dutena mantentzeko. Kuba pobrea izaten uztera behartu behar da. Konplexua da. Lehen, aldarrikatzaileagoa nintzen. Zergatik izan behar dute aberatsek beti aberats eta pobreek beti pobre?
Nongoa sentitzen zara?
Nire sustraiak han daude, baina hemengoa naiz. Asko aldatu naiz. Hemen, agian, ez dute nabaritzen, baina Kuban esaten zidaten. Ez nintzateke Kubara bizitzera itzuliko, ezta egoera aldatuta ere.
Zenbatean behin joaten zara?
2018a ezkero ez naiz itzuli. Sufritzera ez dut joan nahi. Kubako alde ona bizi izan nuen, eta orain, zer bihurtu den ikusteak min handia egiten dit. Nahiago dut ez joan.
Parte-hartzearen garrantzia
Liburutegian, euskara ikasten
Euskaraz moldatzen da eta behin baino gehiagotan nabarmendu du elkarrizketan zehar euskara jakitearen garrantzia eta hark horretarako duen nahia; izan ere, besteek zer zioten jakin nahi zuen. Iritsi bezain laster hasi zen euskarako saioetan, eta gehitu du liburutegian "denbora asko" igaro duela euskara ikasten liburuekin: "Beti esaten dut ez naizela hilko euskara %100ean ikasi gabe".