Oñatiko ludotekak hastear du ikasturte berria, eta doako zerbitzua eskainiz hasiko du, gainera. Jolasak duen garrantzian sinistuta, horretarako espazio eta zerbitzua eskaintzen jarraituko du, baina zerbitzu hori doakoa izango da aurten. Joan den urtean, gaztelekuko hezkuntza proiektuan txertatu zen ludoteka, talde hezitzaile berak kudeatzen du, eta orain, gaztelekuko gainerako zerbitzuak bezala, doakoa izango da.
Doako zerbitzua
Beste eraikin batean egon arren –Lizaur kalean dago ludoteka–, gaztelekuaren barruan dagoen zerbitzu bat dela ekarri du gogora Jon Lopezek, Haur eta Gazteria Saileko udal teknikariak, eta umeei begira landutako proiektu integrala osatzera datorrela gehitu du: "Proiektu bera da, talde hezitzaile berak kudeatzen du, jarraikortasuna ulertuaz. Sotoaren –7 urte bitarteko umeak, gurasoek lagunduta– eta kuboaren –LH3tik gorako umeak, gurasorik gabe– artean kokatzen da proiektu hori –HH3tik LH3ra, gurasoekin edo gabe–. Batetik, sartu-irtena librea da eta dagoeneko, gaztelekua bezala, doakoa da. Hala lortzen dugu haurrei begirako proiektu bateratu eta integrala eskaintzea".
Jolas librearen garrantzia
Jolas libreak garrantzi handia duela uste du hezitzaile taldeak, eta horretarako espazioa, zerbitzua, eskainiko du ludotekak aurten ere. "Gaur egun, umeek txiki-txikitatik dute eskolaz kanpoko denbora oso antolatuta: igeriketa, ingelesa... Uste dugu adin horretan beharrezkoa dela, eta lekua galtzen ari dela, jolas librea. Eta ludotekak eskaintzen du, gainera, malgutasun bat gaztetxoen eta familien agendan. Hona etor daitezke beharren arabera, ordu zein egun ezberdinetan. Garapenerako jolasa oso garrantzitsua dela uste dugu, sinisten dugu horretan, eta gure bizitza antolatu honetan ludoteka arnasgune bat izatea ere gura dugu", dio gaztelekuko koordinatzaile Iñigo Ugartek.
Umearen nahia errespetatu
Astelehenetik egubakoitzera bitartean dago zabalik ludoteka, 16:30etik 19:30era. Bertako hezitzaileek hilabete osorako programa antolatzen dute aldiro, baina umearen nahiari egiten diotela kasu dio hango koordinatzaile Irati Zumaldek: "Jolas librerako planteatuta dagoen zerbitzua bat da ludoteka, eta horrek duen garrantzia azpimarratu gura dugu: sormena lantzeko, esploratzeko... Guk programa bat prest izan arren, eurei gustura zertan dauden galdetzen diegu. Hemen adin eta eskola askotariko umeak elkartzen dira, elkarrekin jolasten dira, eta aberasgarria da hori. Gainera, aukerakoa da zein egunetan edo astean zenbat aldiz etorri, baita zenbat denbora egon ere".
Ludotekara bertara joanda ikus daiteke zer eskaintzen duten, eta hezitzaileak edozein galdera erantzuteko egongo dira.