Oñatiko Musika Bandak azaroaren 15ean emango du denboraldiko lehen kontzertua

Goiatz Arana Begiristain

Aitor Biain –Oñatiko Musika Bandako zuzendaria–, Iñaki Olalde –Oñatiko Udaleko Kultura batzordeburua– eta Jon Astigarraga –Oñatiko Musika Bandako lehendakaria–.

Argiak izenburupean osatu du 2026-2027 denboraldirako programa Oñatiko Musika Bandak. Sei emanaldi izango dira guztira; musika estilo eta kolaborazio ezberdinekin, horietako bakoitza. Goizean eman du argitara egitaraua, iazko ikasturtearen gaineko balorazio "positiboa" egiteaz batera.

Udazkenean sartuta, Oñatiko Musika Banda gertu dago denboraldi berriari ekiteko. Ilusioz eta indarrez beteta dator, gainera: iazko ikasturtean, 400 lagun joan ziren, batez beste, emandako kontzertuak entzutera, eta balorazio "oso positiboa" egin dute bandatik zein udaleko Kultura batzordetik; eta ohiko programatik eta egiteko moduetatik aterata, duela gutxi –Errosarixo jaietako egubakoitzean– egindako kontzertu "poperoagoak" ere plaza betetzea eta askotariko publikoa elkartzea lortu zuen.

Bada, berritzea eta profil ezberdinetako ikus-entzuleak erakartzea iparrorratz hartuta, prest dago denboraldi berriari ekiteko. Sei kontzertuz osaturiko programa osatu du, Argiak izenburupean:

  1. Azaroaren 15ean, Argiaren erritmoa, Oñatz Dantza Taldearekin eta Aita Madina Txistulari Taldearekin.
  2. Urtarrilaren 6an, Tenpluen argia, Arantzazu Saiz organo-jotzailearekin –organoa eta banda uztartzen dituzten lehen aldia izango da–.
  3. Otsailean, Argien sinfonia.
  4. Martxoan, Guztion argia –kontzertu pedagogikoa–, Miel Guridi narratzailearekin eta bandako kideen dinamizazioarekin.
  5. Maiatzean, Iraganaren argiak –Kontzertuak familian egitasmoaren baitan–.
  6. Ekainean, Argiak taupadan, Candem Dance akademiako ikasleekin.

Kontzertu guztiak Zubikoako frontoian izango dira, 13:00etan. Hiruna euroko sarrera ordaindu beharko da urtarrileko eta martxoko emanaldietarako; gainontzekoak, doan izango dira.

Abenduaren 20an, bestalde, Hator hator Gabonetako kontzertua izango da; herriko kultur taldeek edota banda gazteak ere hartuko dute parte bertan. Horrez gain, musika auzoetara eramateko apustuari eutsi egingo diote: "Auzoek asko eskertzen duten ekimena da, eta aurten ere egingo dugu. Tokiak eta datak aurrerago zehaztuko dira", adierazi du bandako zuzendari Aitor Biainek.

Ikasle berriak

Etorkizuneko musika banda bermatzeko, publiko berrietara hurbiltzen edota kontzertuetan Musika Eskolako ikasleen parte-hartzea sustatzen jarraituko dutela erantsi du, baita instrumentu minoritarioei bultzada ematen ere. Horren erakusle dira bandan sartutako hiru kide berriak: bi fagot-jotzaile eta oboe-jotzaile bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak