Urtean zehar hainbat ekintza egin dituzte, Oñati Abesbatzaren zuzendari Mirengu Plazaolak dioen moduan, "60 urte bizitzan behin betetzen direlako". Oro har, urteurrenaren "balorazio oso positiboa" egin du Plazaolak: "Suhar Koruarekin egindako kontzertua gozagarria izan zen, Gurutz Linazasororen hitzaldia ere jendetsua eta aberasgarria izan zen; gauza asko ulertu zuten musikak neurologiarekin duen eraginaren inguruan. Ate irekiak ere egin ditugu, baina esan behar dugu ate irekiak urte osoan zehar egiten ditugula".
Horiek guztiak eginda, 60. urteurrenaren ekintzen amaiera izango den kontzertu nagusia egingo dute, hilaren 17an, Bidaurretako monasterioan. Kontzertu "potoloa eta berezia" izango da zuzendariarentzat: "Gure hirugarren Requiem-a (bizitzaren ondorengo transzendentzia pozgarrian pentsatzen duen konpositore batek sortutako hildakoen meza) izango da. Hasiera baten sopranoarentzat, solistarentzat, koruarentzat, organoarentzat eta orkestrarentzat egindakoa da, baina ensemble batentzat moldatu zuen gero. Orain arteko Requiem-ak tristuratik eta iluntasunetik abiatutakoak izan dira; honako honek, berriz, poztasuna eta bizitza lasaia transmitituko du; musikak eramango gaitu horra".
Urtea bukatzeko bi kontzertu
60. urteurrenaren bueltako kontzertuaren ostean, 2026a borobiltzeko bi kontzertu emango ditu Oñati Abesbatzak: alde batetik, Musikegunen egitarauaren barruan, Jon Mestrerekin batera joko dute kontzertua, azaroaren 22an. Azkenik, abesbatzaren "kontzertu gustukoenarekin" agurtuko dute urtea, Gabonetako kontzertuarekin.