Itzulerako txartelarekin heldu zen Mohammed Afzal Chohan Khatana (Chak Pindi, Pakistan, 1957) Oñatira, 17 urterekin. Hala ere, hemen gelditzea erabaki zuen, eta bizitzaren zati handiena eman du Debagoienean.
Nolakoa zen zure bizitza Pakistanen?
Ikasle baten ohiko bizitza nuen. Eskolaz gain, etxean laguntzeko beharra izaten zen; soroan, esaterako. Beraz, nire bizitza hori zen, ikasi eta etxean lagundu. Garai hartan, Pakistan pixka bat atzeratuta zegoen, baina urteekin hobera egin du.
Itzulerako txartelarekin irten zinen etxetik.
Udako oporretan etxetik irtetea erabaki nuen. Orduan, ez zuten bisa edo estilokorik eskatzen, eta turismoa egiteko bidaiatzea erraza zen. Parisera joan nintzen lehenengo, eta Bartzelonara ondoren. Itzulerako txartela nuen, baina ez nekien zer egin. Itzuliz gero, gurasoek ikasten jarraitzera behartuko ninduten, eta nik ez nuen horrelakorik nahi. Bartzelonatik Oñatira etorri nintzen, eta, azkenean, bizitza osoa pasatu dut hemen.
Zergatik Oñati?
Nire aurretik lagun batzuk etorri ziren, tartean lehengusu bat, eta Bartzelonan haien kontaktua lortu nuen. Gerora jakin dut Bartzelonan bizi zen dendari pakistandar bat oñatiar batekin ezkonduta zegoela, eta hari esker bukatu zutela hemen.
Nolakoa izan zen hona heltzea?
1974ko uztaila zen. Hona heldu nintzenean hotz asko pasatu nuela gogoratzen dut, uztaila zen arren. Halakoetan, jatorri bereko jendearekin elkartu nahi izaten du jendeak; hizkuntza eta etxebizitza kontuengatik, bereziki. Nire aurretik etorri zen lehengusua babes handia izan zen etorri nintzenean.
Ondo hartu zintuzten Oñatin?
Oso ondo. Bertako emakume bat ezagutu nuen, eta asko lagundu zidan hasieran. Selma izeneko emakume batek ere asko lagundu zigun, ingelesa zekien bakarretakoa zen eta. Oso eskertuta egongo naiz beti haiekin. Denborarekin jende gehiago ezagutzen joan nintzen, eta kuadrilla baten sartzea lortu nuen. Egunero irteten nintzen kalera, eta haien plan berak egiten nituen. Txikiteoan irteten nintzen, nahiz eta nik ez nuen edaten, eta futbolean jokatzera ere sarri joaten ginen. Konturatu orduko, ia 50 urte daramatzat haiekin. Oñati nire etxea da. Suposatzen dut orain beste herri batera joango banintz etorkin bat izango nintzatekeela, baina Oñatin ez. Nire bizitzaren zati handiena pasatu dut hemen.
Igeltsero lanetan hasi zinen.
Bertako enpresa batean hartu ninduten igeltsero lanak egiteko. Laguntzaile edo peoi lanetan hasi nintzen, eta igeltsero amaitu. Guztia hemen ikasi dut. Gero, beste igeltsero batzuentzat ere ibili naiz lanean. Fabrika batean lan egiten hasi nintzen, baina ez zitzaidan batere gustatu; nahiago nuen igeltsero izan. Azkenean, nire igeltserotza enpresa ireki nuen, eta horretan dihardut.
Debagoieneko lehen kebab jatetxea ere ireki zenuen.
Denborarekin, nire hainbat senitarteko etorri ziren hona, eta haiei lana emateko aukera ona zen. Hala ere, niretzat zail samarra izan zen, lan bikoitza zelako. Igeltsero jarduna amaitutakoan jatetxera joan behar izaten nuen lanean jarraitzera. Ordu asko ematen nituen lanean.
Zer-nolako harrera izan zuen kebabak?
Arrakasta ikaragarria izan zuen, jende mordoa etortzen zen eta guztira ezin heldu egoten ginen, asteburuetan zein astean zehar. Berrikuntza bat zen eta mundu guztiak probatu nahi zuen; bereziki, jende gazteak. Egunez zein gauez etortzen zen jendea, eta gazteen gurasoak ere etortzen ziren probatu nahi zutela esanaz. Noski, bazen probatu nahi ez zuen jendea, nagusiak, bereziki; haiek nahiago izaten dute txuleta jatea. Kar-kar. Baina bai, lan asko izaten genuen. Akaso, ondoegi joan zen.
Asko aldatu da Debagoiena?
Bai. Pentsa, heldu nintzenean uste dut Txaketua tabernan bakarrik zegoela telebista, eta zuri-beltzean zen. Pentsatzeko modua ere aldatu da. Lehen, lana zen printzipala, fabrikan zein baserriko lanetan. Asteburuetan jendea hemen gelditzen zen eta kaleak beteta egoten ziren. Orain, gazteek bestelako planak dituzte, eta asteburuetan askok nahiago dute kanpora joan. Gizartea asko aldatu da, edo, akaso, ni zahartu naizela da kontua.
Euskararen garapena begien aurrean
uskararen legalizazioaren aurretik heldu zen Chohan Oñatira: "Ni heldu nintzenean egoera oso bestelakoa zen, eta ohikoagoa zen gaztelera erabiltzea". Kuadrillakoek euskal gatazkaren berri ematen zioten, esaterako, ikurrina zer zen azalduz, nahiz eta jendaurrean horrelakorik ez esateko eskatzen zioten.
Testuinguruak hala behartuta, gazteleraz hitz egitera ohitu zen. Hala ere, euskarak ofizialtasuna lortu ostean haren begiekin ikusi ahal izan zuen garapena: "Gero, hemengo egoera asko hobetu zen eta euskarak presentzia handiagoa hartu zuen".
Kalean ikasia
Kuadrillakoek, egun, euskaraz egiteko ohitura dute, eta hari ere horrela egiten diote: "Kuadrillan euskaraz hitz egiten da. Niri ere euskaraz hitz egiten didate, eta ahal dudana euskaraz erantzuten diet, eta zerbait ulertzen ez badut, gazteleraz". Euskaraz dakien guztia modu horretan ikasi du, lagunei entzunda: "Horren ondorioz, hitz batzuk hobeto erabiliko ditut, beste batzuk okerrago, baina horrela ikasi dut".