HEMEN DEBAGOIENA

Latzen: "Oñatin jotzea beti da berezia, eta, azkenean, heldu da egun hori ere"

Gontzal Belategi Zubia

Irailaren 26an joko du Latzenek kontzertua, 23:00etan, herriko plazan. 2008an jo zuten azkenengo aldiz Oñatin, Errekaldeko jaietan. Infernuko Ateetan Tour izeneko agur-biraren barruan izan zen emanaldi hura.

18 urte igaro dira Latzenek azkenengoz Oñatin jo zuenetik. Aurten, San Migel jaiak medio, berriro ere herriko oholtza batera igoko da laukotea. Irailaren 26an izango da hori, 23:00etan, Oñatiko plazan. Taldearen itzuleraz eta jaietako emanaldiaz hitz egiteko GOIENArekin elkartu dira Aitor Uriarte (Oñati, 1976) eta Joxe Azpitarte (Oñati, 1976) Latzeneko kideak.

Nolakoa ari da izaten itzulera?

Aitor Uriarte: Askotan, azeleratuta, baina pausoak emanaz gabiltza. Pentsa, Aske jaialdiaren bigarren edizioan izango gara, eta aurreko urtean ospatu zen Hatortxu Rocken izan zen gure itzulera-kontzertua, baina tartean horrenbeste gauza pasatu dira, aspaldiko kontu bat den sentsazioa dugu. Hori kudeatzen ikasi dugu, eta disfrutatzen gabiltza.

Hatortxu aipatu duzue; nolakoa izan zen berriro oholtza batera igotzea?

Joxe Azpitarte: Itzulera hartan, horrenbeste urteren ostean, lokaletik Hatortxu Rockera salto egitea potentea izan zitekeen, eta horren aurreko astean Bilboko Zorrotzako gaztetxean jo genuen, erdibideko salto bat egitearren. Guretzat oso zirraragarria izan zen horrenbeste urteren ostean berriro oholtza zapaltzea, horrek ekartzen dituen emozio guztiekin. Gainera, jendeak sekulako harrera egin zigula ikustea polita izan zen.

A.U.: Balio bikoitza hartzen du, era baten. Itzultzea erabaki genuenean disko berriarekin jarri ginen, sorkuntza prozesu hartan geunden, eta Hatortxuren proposamena justu komeni zen epetan zetorren. Esfortzu bikoitza izan zen, sorkuntza prozesuan geundelako eta berriz kontzertuetara sartu ginelako. Guk, gainera, argi genuen Hatortxu hartan egotea nahi genuela; azkena izanda, gainera, aurrez ere zor bat genuelako. Askotan izan ginen egotekoak, eta, azkenean, ezin izan genuen. Beste modu batzuetan bai, baina Latzen talde moduan ez. Oso polita izan zen horretara heldu ginela eta oso pozik geratu ginela. Sorkuntza lanak ere heldu ziren.

Latzen taldea Infernuko Ateetan Tour izeneko agur-biran, Eskoriatzan.

Zerk eraman zintuzten itzultzera?

J.A.: Azkenean, musikarekiko maitasun hori, har hori, nahi ala ez barruan daukagu. Nahiz eta urte luzez lozorroan egon, halako batean, ikusi genuen gure agendak berriro lekua izaten hasi zirela, eta pentsatu genuen guretzat tarte bat genuen honetan zergatik ez animatu berriro. Horrela irten zen.

A.U.: Nork bere etxean bere betebeharrak izan ditu. Prozesu horretan, esaterako, haurrak koskortu direnean eta guk ere gauzak beste modu batera ikusi ditugunean, gure denbora kudeatzeko aukera ikusi dugunean, suertatu da hau. Aurretik ere aipatutako zerbait zen, baina ez genuen ikusten. Halako batean, Gorka [Lazkano] lokalera sartu zen, bere kabuz, disfrutatzera, eta haren proposamena izan zen. Instrumentuak berriro hartu genituen eta aisialdi gisa hasi ginen. Hasieratik kimika bat ikusi genuen, hatzek badutela memoria puntu bat. Disfrutatzen genbiltzan, eta itzultzea pentsatu genuen. Handik irten ziren gero Memento mori eta estiloko kontzeptuak, bidean egon ziren orbainak... Bizitza bat da, eta zergatik ez?

"Ez zitzaigun ondo iruditzen ezer berririk eskaini gabe itzultzea"

Zaila izan da horrenbeste urteren ostean makineria martxan jartzea?

J.A.: Hasiera batean, bai. Konturatu gara horrenbeste urtetan teknologikoki asko aldatu direla gauzak. Gu gauzak entxufatu eta bolumena igotzekoak gara, eta, alde horretatik, kosta egin zaigu teknologia berrietara ohitzea, eta oraindik ere horretan gabiltza. Alde teknikotik pila bat igarri dugu.

Denboraren orbainak izeneko diskoarekin egin duzue itzulera; zergatik erabaki hori?

J.A.: Lokalean dozena erdi bat alditan elkartu eta txispa bat zegoela konturatu ginenean, bueltan geundela jabetu ginenean, erabaki genuen material edo disko berri batekin izan behar zuela. Ez zitzaigun ondo iruditzen ezer berririk eskaini gabe itzultzea.

A.U.: Eta horrenbeste urteren ostean barrenean zer geneukan ikusteko gogoa geneukan. Aipagarria izan da, azkenean, irten diren gauzak askoz lehenagokoak izan zitezkeen gauzak direla, heavy hori barruan genuela gordeta. 2007an itzuli ginenean garbi geneukan agur-bira bat zela, aurrez egin ez zen bira bat. Garbi genuen bira amaitutakoan amaitu egingo zela, eta handik Hellmuga DVDa etorri zen. Geroztik, hamazazpi urte baino gehiago pasatu dira, eta orain hau suertatu da. Itzulera honek zerbait berria behar zuela garbi genuen, barruan genuena aztertu, eta horrela izan da. Heavy hori barruan dugu oraindik.

Latzen taldea, Hartortxu Rock jaialdian egin zuen kontzertuan. (Argazkia: Hatortxu Rock)

Argitaratu gabe gelditutako zenbait kantu ere jaso dituzue diskoan.

A.U.: Askotan esan izan dugu kantuen erdiak direla argitaratu gabe gelditutakoak, baina, izatez gutxiago dira. Bere garaian, hirugarren disko bat ateratzeko bidean ginela utzi behar izan genuen taldea, eta hor zegoen kuriositatea. Erdibide horretan, Joxe urtemuga baten bueltan lanean jarri zen. Kaxoi batetik cuatropistas baten grabatutako gauzak hartu eta Haritz Arregirekin bere estudiora joan zen, ez?

J.A.: Bai, Latzenen 30. urteurrenean gertukoei opari bat egitea bururatu zitzaidan, eta bere garaian kaxoi baten gelditu ziren ideia batzuk batu nituen. Horietako batzuk hirugarren disko baterako ziren. Kasetean, cuatropistas batean, zeuden eta material hori teknologia berrietara ekartzea lortu nuen. Hori hor gelditu zen, gure arteko opari bat bezala. Itzulera honetan, errepidera material berri batekin itzuliko ginela erabaki ostean, aspaldiko ideia-kantu horiek entzutea pentsatu genuen, gaur egun zentzua izan zezakeen zerbaiten bila. Hortik irten ziren diskoko hiru-lau kantu.

Esango nuke Oñati, rock aldetik, inoiz baino biziago ikusten dudala

A.U.: Kantu batzuk entzuteko zailak ziren, eta guk ere ez geneukan garbi zer zen egiten genuena. Kantuak ateratzeko prozesu hori kuriosoa izan zen. Baina, esan bezala, diskoan hamar kantu baldin badaude hiru kantu eta erdi izango dira lehenagokoak.

J.A.: Gero, polita izan da kantu berriak konposatzen hasi garenean, oraingo kantuak egin ditugunean, barrutik irteten zaigun hori lehengoaren estilo berdinean joan dela. Duela 30 urte grabatutako ideia horiek eta gaur egun konposatutakoak oso ondo gelditzen dira elkarrekin.

A.U.: Bitxia izan da elkarrizketa batzuetan gai hau irten eta azalpenak eman ditugunean, zenbait elkarrizketatzailek beraien buruari erronka bota diotela, kantu zaharrak zeintzuk diren asmatu nahian. Inork ez du asmatu. Hutsetik sortutako kantuak lehenagokotzat hartu dituzte.

Hainbat kontzertu eman dituzue dagoeneko; nolakoa izan da ikusleek egindako harrera?

A.U.: Oso ona, gu oso eskertuta gaude. Lehengo jende askorekin elkartu gara, aspaldi ikusten ez genituen lagun zahar asko ikusi ditugu berriro. Jende berria ere ikusi dugu; gazteak euskarazko metala entzuten eta Latzenen kamisetekin, kontzertua bizitzen. Ezin gara kexatu; alde horretatik, oso pozik gaude, eta gu saiatuko gara, neurri batean, hori guztia itzultzen.

Areto txikiak, jaialdi handiak, herrietako jaiak,... denetik egin duzue; badago alderik batetik bestera?

A.U.: Bai, alor teknikoan, esaterako. Jaialdi handietan gauzak oso azkar doaz, ia ez dago probarik. Akaso, in ear-en bat. Hauek laguntza bezala erabiltzen ikasten gabiltza, lehen monitorearekin ibiltzen ginen modu berean. Oraindik tarte horretan gaude, ondo entzutea gustatzen zaigulako, baina, hein berdinean kanpoan entzuten dena, burrundara hori, faltan botatzen dugulako. Mundu bakoitzak du berea, baina, beti esaten dugu, lehen bezala, gaztetxeetako talde bat garela, eta orain ere areto txikietan hobeto ibili izan garela. Jaialdiak oso politak izan dira, Hatortxutik hasita estatu mailan bizi izan ditugu beste askora arte, baina, bakoitzak berea du.

Latzenen agur kontzertua, 2008an, Durangon.

Eta orain, motorrak berotu ostean, etxean joko duzue lehenengoz.

A.U.: Errekaldeko jaietan jo genuen azkenengoz Oñatin. Oraingoan, auzoetatik ere ikusi dugu Latzenekiko elkartasun edo gogo bat bazela, baina zer hobeto herriko jaietan auzo guztientzat jotzea baino. Guretzat, lagunentzat eta animatzen den mundu guztiarentzat. Oñatin jotzea beti da berezia, eta, azkenean, heldu da egun hori ere.

Bazenuten, orduan, plazako taula hartara igotzeko gogoa.

A.U.: Bai; gainera, Oñatik zerbait badu plaza oso handia da. Gure erronka izango da han zelako berotasuna sortzen dugun ikustea. Nik uste dut jai polita biziko dugula, eta guk ere disfrutatuko dugula, moduren baten.

J.A.: Dudarik gabe.

Eltzian gaude, baina zuek ohituago zaudete Errekaldeko lokaletara, eta inguruko taldeak ere berriak izango dira; zenbat aldatu da Oñati urte hauetan?

J.A.: Lokalei dagokienez, itzela da aldea. Errokaldeko soto hartan ibiltzea, kristoren hezetasunarekin…

A.U.: Bai; han uholderen bat ikusitakoak gara.

J.A.: Lokal akuatikoa moduan ezagutzen zen gurea; beteranoenek jakingo dute hori.

A.U.: Gainera, elektrizitatearekin ibiltzen ginen, kableekin...

J.A.: Entxufeak, ura, intsonorizazioa... Alde horretatik, ikaragarria da Eltzian dugun aukera; harekin alderatuta, batez ere.

A.U.: Taldeei dagokienez, esango nuke Oñati, rock aldetik, inoiz baino biziago ikusten dudala. Kristoren taldeak daude gaur egun; lehenago ere bai, baina orain, musika aldetik, rock aldetik, Oñati potente dagoela ikusi dut.

Oñati aldatu da, baina, zuek zenbat aldatu zarete? Bada alderik 1993an hasi ziren gazteen eta 2025ean itzuli diren musikari esperimentatuen artean?
AU: Oso gazte hasi ginen eta autodidaktak izan gara. Lokalera sartu eta segituan gauzak egiteko gogoa genuen. Aspektu horretan, egia da badagoela aldea. Lehen, dirudienez, denbora libre gehiago genuen eta ia lokalean bizi ginen. Ia egunero geunden bertan. Bertan horrenbeste ordu sartu genituenez, gauzak irteten joan ziren. Gaur egun, kontrara, ikusi dugu teknologiari esker bakoitzak bere etxean lan egitea posible dela. Guretzat, entseguak egitea funtsezko zerbait da oraindik, baina, etxeko lan horrekin laguntzen gara; izan konposatzeko zein gauzak hobetzen joateko. Alde hori badago, baina, lehengo gogo berdinak mantentzen ditugu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak