Bertso eta opari artean omendu dute Ramon Martin Sukia artxibozaina

Julen Murua Mesonero

Ramon Martin Sukia behean, aginte makila eskuan duela, omenaldian egon diren lagunak alboan dituela.

41 urtez ibili da artxibategietan lanean Martin; azken 23 urteak Oñatin dagoen Gipuzkoako Artxibo Historikoan. Hilaren 30ean hartuko du erretiroa artxibozainak.

Artxibategian joan-etorriak egiten ibiltzen diren bospasei lagunekin bazkalduko zuela espero zuen gaur goizean, irailaren 30era arte Gipuzkoako Artxibo Historikoko arduradun izango den Ramon Martin Sukiak (Legazpi, 1982). Baina sorpresa handia hartu du urte hauetan guztietan bidelagun izan dituen 30 bat lagunekin batera mahaian eseri denean. Ezkutuan gordeta zuten antolatzaileek omenaldiaren kontua, eta Martin hunkituta agertu da halako sorpresa jaso eta gero: "".

2003an iritsi zen Martin orduko hartan Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa zenera, eta artxibozainak adierazi duenez, "askorako" eman dute igaro diren 23 urteek. Hala ere, badaude egiteko gelditu zaizkion "ehundaka gauza". "Halako lanetan, denbora guztian zaude pentsatzen zein izango den hurrengo urratsa. Artxibategietan ikasten den gauza bat da zure lana dela kate bateko lana, eta denbora guztian ari zara pentsatzen hurrengoan zer egin", dio Martinek. Hala ere, artxibategian "2003an existitzen ez zen lan talde ederra" gelditzen dela dio, eta taldeak aurrera eraman dezakeen guztiak "lasai" uzten du legazpiarra.

Bertsoak eta opariak

Mahaiaren bueltan jarri dira guztiak bazkaltzeko, eta ostean iritsi da oparien eta bertsoen ordua. Iñaki Olaldek abestu ditu artxibozainaren omenezko bertsoak, eta bakarkako zein taldekako opariak eman dizkiote gero legazpiarrari. 41 urtean paper eta dokumentu artean ibili den arren, "ezagututako pertsona guztiak" eramango ditu gogoan Martinek: "Gaur egunik aproposena da esateko ibilbide honetatik pertsonak eramango ditudala gogoan. Artxiboan ematen du guztia inpertsonala eta oso urrutikoa dela, baina paper guztien atzean dabiltzan pertsonetatik ikasitakoak asko betetzen nau".

Ramon Martin Sukia, hari abestutako bertsoa duen koadroarekin.

Artxiboetan bueltaka

Lau hamarkadaz artxibategietan lanean ibili eta gero, legazpiarrak garbi dauka artxibategietatik joan-etorriak egiten jarraituko duela erretiroa hartutakoan, baina modu lasaiago batean: "Nire lankideen barre egiten didate, baina artxiboetara bueltatzen jarraituko dut. Urteetan ikusitako, usaindutako eta irakurritako dokumentuek era potentean erakartzen naute. Hortaz, ikertzen jarraitu nahi dut, baina erantzukizunik gabe; gozatzera nator orain".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak