ALBISTEAK

Oñatiko fabriketan emakumeek eginiko ekarpena, liburuan eta erakusketan

Oihana Elorza / Hasier Larrea

Gai hori aztertu du Edurne Iriondo Plaza ondarrutarrak, Oñatiko Udalak sustatzen duen Selma Huxley Barkham ikerketaren beka baliatuta. Kultur Etxeko zine aretoan aurkeztu du emaitza, eta hemendik aurrera liburuan irakurtzeko aukera egongo da, Aritza, Ibarrondo, Altuna eta Txokolateixa dendetan eskuratuta. Gainera, emakume haiek egiten zituzten produktuen lagin bat ere gerturatu die oñatiarrei. 

Oñatiko fabriketan emakumeen (ezinbesteko) lana du izena Selma Huxley bekaren azken lanak, laugarrenak. Edurne Iriondo Plazak (Fort Pierce, Florida, AEB, 1977) egin du eta hilabete honetan ikusgai egongo dira lanaren informazio panel batzuk eta fabriketako hainbat gailu eta produktu, Emakumion Etxian. Liburua bera herriko liburu-dendetan dago salgai, hamar eurotan.

Erraza egin zaizu lan hori neurtzea?

Ez ehuneko ehunean. Izan ere, artxibo historikoetan topatutako informazioa gauza bat da eta beste bat errealitatean gertatzen zena. Esaterako, sasoi batean, enpresa batek makina bat erosi behar bazuen edo fabrika handitu behar bazuen, Gipuzkoako Industria Ordezkaritzan egin behar zuen eskaera, eta dokumentu haietan aurkeztu behar zuen lanpostu bakoitzean zenbat langile zeuden. Aurkitutako dokumentuetan ikusten da produkzioan ari ziren langileen kopuruak ematen zirela, eta ez, adibidez, administrazioko langileenak, eta lan hura emakumeek egiten zuten, gehienetan. Bestalde, herriko emakume batek erakutsi dit nola 1964an kooperatibako bazkide zen, baina beharginen datuen kopuruan ez da emakumerik aipatzen paperetan. Dokumentuetan agertzen direnak baino emakume gehiago ibili ziren fabriketan. Beraz, kuantitatiboki ez da oso zehatza izango, agian, daturik ez dagoelako, baina espedienteetatik eta sasoian sasoiko gertaera eta testigantzetatik bestelako informazioa lortu dut, bai.

Noiztik norako ikerkuntza da?

1866tik, Garay pospolo fabrika martxan jarri zutenetik, 2000. urtera arte.

Eta nola dator aurkitutako informazioa liburuan?

Marko teoriko bat dator hasieran, eta, horren segidan, 1880tik 1964ra bitartean Oñatiko enpresen titularrak, jabeak, ziren 25 emakumeren historia, adibidez. Alargun gelditzean emaztearen izenean gelditzen zen enpresa, normalean, baina badira emakume aitzindarien kasuak ere. Dokumentu zaharren kopiekin eta emakumeen argazkiekin dago ilustratuta liburua.

Nolako enpresak hartu dituzu kontuan?

Tarifa 3-ko enpresak bakarrik hartu ditut kontutan, materia eraldatzen duten negozioak, energia eta makineria behar dutenak. Adibidez, saskigileak ez ditut sartu, artisau lana zelako gehiena, eta muga jarri beharra neukan. Zein berezitasun zuen orduko enpresa-munduak? Adibidez, produktu bera ekoiztu behar zuen beste negozio bat zabaldu behar bazuten Estatuan, lehendik hura produzitzen zuten enpresek arrazoiak aurkeztu zitzaketen, eta berria ez zabaltzeko eskatu. Eta emakume langileek? Ezkontzea, esaterako, etena izan zen emakume askorendako. Behin ezkonduta, etxeko lanetan gelditzen ziren asko.

Nola heldu zara emakumeek egin zuten lanaren gainekoak ikertzera?

Artxiboetako dokumentuak ez ezik, aurretik Oñatiri buruz argitaratu diren liburuak ikertu ditut, emakume izenak bilatuz. Baina, duda barik, herritarrek emandako laguntza aipatu gurako nuke. Herriko historia zaleek asko lagundu didate, eta gainerakoek ere bai, batek esandako izen batetik beste batengana iristeko. Adibidez, herriko 50 emakume elkarrizketatu ditut –nagusiena 1930ean jaioa eta gazteena, 1971koa–, denei galdera berak eginez. Horietako pare bat produkzio lana garaje edo lokaletan egiten zutenak dira; Oñatin askok egin dute lan horrela, eta datu horiek jasotzea ere ez da erraza. Sekulako laguntza izan dut. Herriko bost enpresak ere eman didate informazioa. Oso eskertuta nago.

Lan horrek, gainera, beste bat egiteko bidea eman dizu, ezta?

Enpresen inbentario bat egin dut lan horrekin, eta kartografia egingo nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak