Herritarrak euren kasa, bakoitza bere martxan, heldu dira eguerdirako Arantzazura. Goizeko erromesaldian igo dira batzuk Oñatitik oinez, autobusean beste batzuk, eta autoetan asko. Herri askotako bizilagunak elkartu dira: Oñatikoak bertakoak bai, baina baita Bidania, Aia, Agurain eta Arrasatekoak ere.
Herritarrak ez ezik, erakunde ezberdinetako ordezkariak ere izan dira Arantzazun gaur. Hala nola, Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizarraneta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxena, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Eider Mendoza eta Oñatiko alkate Izaro Elorza. Horiez gain, zenbait diputatu eta legebiltzarkide ere joan dira; baita Oñatiko udalbatza osatzen duten zinegotziak ere. Arantzazuko Amaren Eguna seinalatua dela adierazi dute, bidenabar, Elorzak, Ubarretxenak eta Mendozak.
Gipuzkoako gotzain Fernando Pradok eman du eguerdian hasi den meza, hainbat frantziskotar lagun zituela. Aldaren ondoan izan dira ere, eurekin batera, Oñati abesbatzako kideak. Arantzazu santutegiko basilika bete egin da mezarako, azken eserlekuak ere beteta zeuden.
Itasuako langileen elkarretaratzea
Bestalde, egun seinalatu hau aprobetxatu dute Itasuako langileek euren egoeraren berri emateko. Hainbat langile izan dira Arantzazun eta pankarta batekin erakutsi duen euren protesta. Langileen ordezkari batek gutuna eman dio eskura Maria Ubarretxenari bizi duten egoera zein den azalduz eta konpontzen laguntzeko eskatuz.