Lorena Rico 1974an jaio zen, San Cayetano hirian (Buenos Aires, Argentina); lanaren patroia esaten diote. 2008an iritsi zen Oñatira, ordurako hemen bizi izaten zegoen koinatu batek animatuta. Senarrarekin, 3 urteko alabarekin eta sabelean zeraman semearekin etorri zen; alaba zaharrenak 17 urte zituen, eta han geratu nahi izan zuen.
Zer dela-eta hartu zenuen Argentinatik irteteko erabakia?
Senarrak eta biok lan egiten genuen eta ondo bizi ginen, baina segurtasun-gabezia handia zegoen. Eta oporretan Oñatitik etortzen zen koinatuak esaten zigun hona etortzeko: "Oñatin haurrak parkean korrika ibiltzen dira, aske, ez dago une oro zaintzen egon beharrik...".
Segurtasun-gabezia, ze zentzutan?
Lanetik itzultzerakoan, adibidez, garajean sartu aurretik, autotik irten eta inguruan inor zegoen begiratu behar genuen; bestela, ateak irekitzeaz bat sartzen ziren gaizkileak ere atzetik, eta barruan edukitzen gintuzten, jo... Nahiko garai gogorra izan zen. Hala, 2007an, senarra hasi zen hona etortzeko ideiari buruz hizketan, eta, buelta batzuk eman eta gero, erabaki genuen guztia antolatu eta 2008an etortzea; martxoan iritsi ginen.
"Garajean sartu aurretik, autotik irten eta inguruan inor zegoen begiratu behar genuen"
Nolakoa izan zen iritsiera?
Iritsiera baino gehiago, irteera izan zen. Egun hura izan zen bihotza kendu eta han utzi izan banu bezala. Alaba nagusia han geratzen zela ikustea, norbere herrialdetik eta norbere jendearengandik deserrotzea, ezagutzen ez genuen leku batera etortzea... Eta hasiera ere zaila izan zen: jendeak bertakoa nintzela pentsatzen zuen, euskaraz zuzentzen zitzaidan, eta niri sekulako lotsa ematen zidan ez niela ulertzen esateak. Arrazoi horregatik, baita ere, kosta egin zitzaidan nire alabaren adinekoen gurasoekin harremana izatea.
Eta handik aurrera?
Senarraren anaiak taberna bat zuen hemen, Oñatin, eta hura lan-kontratu batekin etorri zen. Ni etxekoandre hasi nintzen, eta, gero, garbiketa-enpresa batean aritu nintzen, urte luzez. Baina gozogintza izugarri gustatzen zait, eta, koinatuak animatuta, okindegi-gozotegi bat hartu genuen, pandemia betean.
Gustatzen zaizu Oñati?
Hasieratik liluratu egin ninduen. Eta bisitan etorri izan diren senitartekoei ere izugarri gustatzen zaie Euskal Herria, orokorrean.
Bizi-ohiturak ezberdinak dira?
Bai. Argentinan lan kultura handia dago: lana eta lana, baita oporretan ere; eta egun batzuk libre izanez gero, etxean edo herrian geratzen gara. Alde horretatik, nire senarrari kosta egin zitzaion; etorri eta hiru hilabetera esaten zidan: "Goazen". Ez lagunkoia ez delako, baizik eta hemengo bizitza-erritmoagatik. Argentinarrak gara etxean elkartzekoak; aldiz, hemen dena kalean egiten da. Izateko moduari dagokionez, gu irekiagoak gara, elkar ezagutu gabe ere hizketan hasten garen horietakoak.
Mostradore atzetik ikusi duzu...
Euskaldunak zaretela sota, caballo, rey. Gazteak gehiago ausartzen dira, baina nagusienek nekez aldatzen dute; zerbait probatzeko eman eta gustatuta ere, horrekin nahiko.
Asko zaudete munduan zehar...
Izugarri! Buenos Airesera joan ginenean pasaportea egitera, jende ilara amaigabeak zeuden. Nahiz eta ordurako irtete masiboa igarota zegoen! 2001ean, Corralito-arekin, hasi zen jendea Argentinatik joaten.
Bere garaian, jende asko joan zen hemendik hara ere...
Bai. Argentinan, bagenuen bizilagun bat Aranburu abizenarekin, eta deitzen genion el vasco. Institutuko lagunen artean banituen, baita ere, Etxeberri, Etxebarria, Olartikoetxea...
Hobetu egin da hango egoera?
Iazko abenduan joan nintzen azkenekoz, eta, egia esan, askoz hobeto ikusi nuen herrialdea. Oraindik asko falta da –leku batzuk oso zigortuta daude, azpiegiturak utzita, kaleak...–, baina, orokorrean, ondo.
Itzuliko zara bizi izatera?
Ez. Argentinarra naiz, erabat: jaikitakoan, nire matea –han oso ohikoa den infusioa– hartzen dut... Baina hemengo bizimodua daramat. 2008an etorri eta gero, bederatzi urtera joan nintzen lehen aldiz, eta, Ezeizako aireportuko ateak ireki eta argentinarrez hizketan entzuterakoan, etxean nintzela sentitu nuen. Gaur, ez zait hori gertatzen.
Euskaltegira itzultzeko asmotan
Oinarri-oinarrizkoa ikasi du seme-alaben bitartez, baina ez du euskara menderatzen, oraindik. Zenbakiak, adibidez, duela
urte dezente ikasi zituen: "Zapatuetan, frutategi batera joaten nintzen
lanera, jabeak euskaldunak ziren, eta zenbakiak ikasi behar nituela pentsatu nuen. Hala, esan nion alabari jartzeko orri batean zerotik ehunera bitartekoak, eta ikasi nituen, bai".
Okindegi-gozotegian lanean zebilela etorri zen hurrengo urratsa. Dio
alabak jartzen duela bertan euskararen kuota, gainontzekoek ez dutelako egiten; eta, hala, lankide batekin batera hasi zen
euskaltegian. 2024-2025eko ikasturtea egin zuen, eta "gogorra" izan
zela erantsi du. Ulertzera ailegatu da, baina ez da "hitz egiteko gai", eta aurten berriz izena emateko asmotan dabil: "A1 mailan emango dut izena atzera ere, ikasitakoak indartzeko".
Hizkuntzak ikasteari aberasgarria deritzo: "Edozein tokitara joaten zarela ere, hizkuntza jakiteak defendatzeko aukera ematen dizu". Horregatik, ez du amorerik emateko asmorik.