Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitateari ez zaio askorik falta jatorrizko itxura berreskuratzeko; izan ere, zati handi batean dagoeneko ikusi daiteke fatxada berria. Paretan jada ez dira harriak ikusten, beix koloreko horma leuna baizik. Eraikinaren buelta osoan egin dute gauza bera, betiere jatorrizko leihoak eta elementu arkitektonikoak nabarmenduta utzita.
Jatorrizkoaren antzekoa
Birgaitze proiektua egiten diharduen Iruñeko Tabuenca & Leache Arquitectos enpresak sarrera nagusiko eskuineko paretan askotariko leuntzeak eginez erabaki zuen unibertsitateak egun duen itxura nolakoa izango zen. Euren arabera, XIX. edo XX. mendetik hona hartu zuen indarra eraikinen fatxadetan harlangaitza edo landu gabeko harria ikusteko joerak. Aurretik, zuriak ziren eraikinak, elementu apaingarriak deigarriagoak izan zitezen. Azkenean, zuria beharrean, beixaren alde egin du enpresak. Bestelako eraberritzeak ere egin dituzte: klaustroa eta teilatua berritu dituzte, baita Turismo Bulego berriaren egoitzaren eta eraikinaren irisgarritasun lanak egin ere. Obrak hil honetan amaitzea aurreikusten dute, hasierako epea beteta.