Zinta lasterketa eta txorimaloak, baita jaien 100. aldian ere

Oihana Elorza Gorostiza

Zinta lasterketa 1980ko hamarkadan (Argazkia: J. Ibarrondo).

Mende bat beteko dute atzoko kaleko jaiek asteburuan, eta sekulako egitaraua prestatu du Jai batzordeak. Hasieratik egin ohi izan diren ekintzak mantendu dituzte, eta jaien historia erakutsi argazki zaharren bidez.

Erraldoi eta Txorimalo Konpartsa eta zinta lasterketa dira Atzeko kaleko jaietako ezaugarri nagusietako bi. Baita umeendako antolatu ohi izan dituzten ekintza eta jolas ugariak. Ehun urte beteko dituzte asteburuan jaiek, eta etxafuegoa bota ostean egingo dute zinta lasterketa.

(Argazkia: Josean Ibarrondo).

Gargantua eta txarrana

Bizikleta gainean joanda, zintak zintzilika dauden aroetatik pasatzean datza jolasa. Koloretako zinta estuak dira egungoak; lehengoak zabalagoak eta marrazkidunak izaten zirela du gogoan 93 urte dituen Amaia Moiua Sukia auzotarrak: "Jose Azpiazu musikariak, gitarra joleak, pintatu ere egiten zuen, eta hark marrazten zituen zinta haiek. Ama Birjina Egunaren bezperan, irailaren 8an, egiten genuen jolas hura". Kalean jartzen zituzten banderatxoak ere eskuz moztu eta itsasten zituzten lehen. "Gogoan dut nola Konsuelo Etxeberria laguna eta ziok Zubia familiaren terraza baten egoten ginen paperezko banderatxoak mozten eta sokari itsasten. Auzoko mutilek jartzen zuten gero soka balkoi batetik bestera". Bizipen haiek bezain ondo du gogoan Moiuak jaietan ekartzen zuten gargantua: "Txantxiku berde baten itxura zuen gargantua handi bat zen; kamioi baten ekartzen zuten. Gora igo eta gero, ahotik behera jaisten zen. Akordatzen naiz ilaran egoten ginela, gargantuatik jaisteko; baita ni ere. Baina nire txanda heltzen zenean, ausartu ez, eta atzeratu egiten nintzen. Behin, lagun batek tiraka edo, igo nintzen goraino eta ahotik behera, txirristan, jaitsi nintzen koltxoneta handiraino. Han, txarrana egoten zen, puxikarekin jotzeko zain. Susto izugarria hartu nuen. Ez dut oroitzen gehiagotan jaitsi izana". Beste oroitzapen batzuekin batera, orduan ere musikarik ez zela falta izaten dio Moiuak: "Gu umeak ginenean ez zen eszenatokirik egoten, baina Oñatiko musika bandak urtero jotzen zuen, kalean. Dantza egiten genuen auzoko plazatxoan, eta amaieran, kalejiran joaten ginen plazaraino. Gazteak ginenean eta mutilekin dantza egin edo egon gura genuenean, Iturritxo ostera joaten ginela dut akorduan, gurasoek ez ikusteko".

Hiltegitik hartutako puxikak

Gerrako hiru urteetan –1936, 1937 eta 1938–, meza bakarrik egin zuten, eta Ama Birjina apaindu. Garaian garaiko jai batzordeek modu bateko edo besteko egitarauak prestatu dituzte bestela. Esaterako, La Talangita izeko talde bat ere egon zen auzoan, eta urte batzuetan zezena ekarri zuten, jaietan erabili eta azken egunean hiltzeko eta jateko. Egitarau zaharretan denetariko ekintzak jasotzen dira: asto lasterketak, boxeoa, zerbitzarien karrerak, Trianako emakume ederren aukeraketa, pertsona zakarren lehiaketa, txikiteroen lehiaketa tabernetan zehar eta txirrindulari probak. 

(Argazkia: Josean Ibarrondo).

Azpiazu Elizondo familiak ere oroitzapen onak ditu Atzeko kaleko jaien inguruan galdetuta. "Ilusio handia jarri da jaietan eta denetarik egin dugu. Erraldoiak eta txorimaloak ondo zaindu dira beti; adibidez, apurtu izan direnean konponduta. Sabin Egañak proposatutako herensugea ere egin genuen. Jantziak Mari Angeles Onraitak egiten zituen, eta gure amak makina bat aldiz garbitu zituen jaien ostean. Puxikak hiltegitik hartzen genituen, abuztuan itxi aurretik; kaka artetik hartu, garbitu, lasto batekin puztu eta sikatzen uzten genituen gero. Herri bazkariak ere egin dira, Manolo Irizar sukaldari nagusi zela. Extremadura, Galizia edo Andaluzia egunak –sardina mor- do bat erre genituen urte hartan eta soberan gelditu zirenak zaharren egoitzara eraman ge- nituen– ere bai. Jendeak lan handia egin du jaietan. Gertatu izan zaigu, ordea, musikariak ordaintzeko dirurik ez izatea eta kaseteak erabiltzea musika jartzeko", diote senideek.

(Argazkia: Josean Ibarrondo).

Margarita eta Juanito

Herriko kale eta auzo guztietan moduan, Atzeko kalean ere izan dira pertsonaia ezagun asko, eta, horien artean, Margarita Naparrena Iturralde eta Juanito Zubia nabarmendu eta gogora ekarri gura izan dituzte Jai Batzordekoek. Lehengo denek eta oraingo zenbaitek txartelak saltzen ikusten dute oraindik, oroitzapenean, Margarita Naparrena. "Hark beti esaten zuen jaiak ordaindu egin behar zirela, eta auskalo zenbat txartel-tako saltzen zituen urtero", dio Virginia Azpiazuk. Juanito Zubia, berriz, auzotarra hura ere, Atzeko kaleko eta Ramon Irizar kaleko kantoiko etxeko semea zen, saltseroa oso. Goi-mailako familiek, gutxi edo asko, denek egin zieten ekarpena Atzeko kaleko jaiei. "Beteranoekin elkarlanean egindako saioetatik atera da biei aitortza egiteko ideia. Guk ez genituen ezagutzen, baina urte askoan ibili ei ziren jaietan lanean, laguntzen. Postalak eta seiluak ateratzea ideia ona izango zela iruditu zitzaien, eta horrela egin dugu", diote egungo Jai Batzordeko gazteek.

Dagoeneko gutxi gelditzen diren kamisetez gain, bi pertsona haien aurpegiak ikus daitezkeen postalak eta seiluak ere salgai jarri dituzte.

BSB eta sorpresak

Urte osoan ere ekitaldi bat baino gehiago egin dituzte Atzeko kaleko jaiak iragartzeko: "Ehun urte ehun urte direlako, batetik, eta diru pixka bat lortzeko, bestetik". Hala, musika kontzertuak, bingoak eta txakolin dastatzeak egin dituzte, esaterako. Astebu- ru honetarako, berriz, sekulako egitaraua prestatu dute. Gaur, egubakoitza, esaterako, Zeatikez, BSB, Malko eta Nafarroa 1512 taldeek joko dute, 22:00etan. "Pozik gaude egitarauarekin, baina, egia esan, dezente kosta zaigu taldeak lortzea; asko. Mo- mentu batean, etsipenak jota, Jai Batzordekook talde bat osatzea eta emanaldi bat prestatzea pentsatu genuen. Azkenean, lortu genituen taldeak, baina geureari ere egin diogu toki bat. BSB gara: Back Street Band. Sorpresa asko izango dira emanaldi horretan, gainera", aurreratu du Izar Guridi batzordekideak. Zapatuan, berriz, Maruxak eta Marte Lasarte taldeek joko dute eta Antton Telleria eta Asier K. bakarrizketariek ere egingo dute euren saioa. Domekan, musika bandaren kontzertua egongo da eguerdian eta Gauargi taldea ilunkeran. Erraldoiak eta txorimaloak, noski, egunero irtengo dira. Auzotarren bazkarian 170 bat lagun elkartuko dira.

Jai Batzordeak herritar guztiak gonbidatu 100. urteurreneko jaietara.

 

Erakusketa zabalik

Atzeko kaleko jaietako argazki zaharren erakusketa dago zabalik, hilaren 1a ezkero, kultura etxean. Zuri-beltzean daude argazkietako batzuk, eta koloreetan beste batzuk, baina urteren batean edo bestean bertako jaietan ateratakoak dira guztira. Aurreko jaietako batzordeetako kideak ibili dira, egungoekin batera, argazkiak biltzen. Auzoko argazkilarienak dira hainbat, eta auzotarrek utzitakoak beste asko. 'Atzeko kale' martxa Argazki zaharrekin batera, bi txorimalo, lehengo zinta lasterketako hainbat zinta – Azpiazuk eskuz margotutakoak–, jaietako egitarau zaharrak eta Atzeko kale pasodoblearen partitura originala ere ikusgai daude erakusketan. Antonino Ibarrondo Oleagak konposatu zuen pieza hori, 1933an, eta entzun ere egiten da erakusketa aretoan. Erakusketa kultura etxeko beheko solairuan dago ikusgai, irailaren 13ra arte, 18:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak