ALBISTEAK

Arantzazun itzuli da Natxo de Felipe eszenatokietara

Gontzal Belategi Zubia 2026ko abuztuaren 21a

Oskorrik bere ibilbidea amaitu eta hamaika urtetara, oholtza gainera itzuli da Natxo de Felipe. Arantzazuko santutegian egin du itzulera hau, Kuarteto Philiperena taldearekin batera eta Donostiako musika hamabostaldiaren barruan. Goraino bete zen santutegia emanaldia ikusteko. Hamabostaldiko kideak pozik agertu dira Oñatin jasotzen duten erantzunarekin.

Donostiako musika hamabostaldia beste urte batez itzuli da Oñatira, Arantzazuko santutegira. Aurtengoa, gainera, ez da edonolako kontzertua izan. Oskorrik agur esan eta hamaika urtetara, Natxo de Felipe eszenatokietara itzuli da Arantzazun, Kuarteto Philiperenarekin batera. Abandonatuak izeneko emanaldia eman dute elkarrekin, goraino betetako santutegiaren aurrean.

Pozik agertu da Bilboko (Bizkaia) abeslaria emanaldiaren ostean, oholtzara urduritasun puntu batekin igo dela aitortu arren: "Ni oso pozik nago. Nerbioengatik galdetzen du jendeak, horrenbeste urtetan eszenatokietan ibili ostean ez dudala nerbiorik izango esanaz. Falta zena! Ni oso urduri atera naiz, eta hirugarren edo laugarren kantuan jendearekin harreman polita zegoela ikusi dudanean lasaitu naiz".

Aita semeak oholtzan daude

Aita semeak tabernan daude kantatzen zuen Oskorrik, baina, kasu honetan aita semeak oholtzan daudela esan daiteke, Xabier de Felipe da eta Kuarteto Philiperenako kideetako bat; Przemyslaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera. Natxo de Felipek azaldu duenez, Xabier izan da itzulera hau gauzatzeko arrazoietako bat: "Semearen partetik etorri da bereziki, eta niretzat ere, azkenean, gauza polita izan da".

Herdoil gutxiko itzulera

Urte guzti hauetan musikaren mundutik aldenduta egon den arren De Felipe ez da inondik inora herdoildu, eta bertaratu ziren zaleak gozarazi zituen bere kanta eta ahotsarekin. Aspektu horretan, ondo ikusten zela azaldu du bilbotarrak: "Konturatu naiz ez nengoela horren desentrenatuta. Grabaketarako hainbat entsegu egin genituen, eta publikoan kantatu gabe urte asko pasatu ditudan arren ondo sentitzen nintzen".

Arantzazukoa, gainera, ez da izango berriro ere puntuan jartzeko izango duen aukera bakarra, urriaren 4an Bilboko Arriaga antzokian izango da-eta, Abandonatuak emanaldiarekin. Asmoa, dozena erdi emanaldi ematea dela azaldu du, eta "hortik aurrera akabo". Hala ere, emanaldietara joateko aukerarik ez duenak, izango du itzulera honetaz gozatzeko aukera, Abandonatuak izeneko diskoa ere argitaratu dute eta.

Hamabostaldiko antolatzaileak pozik

Hamabostaldiaren bigarren etxe bilakatu da, neurri batean, Arantzazu. Musika hamabostaldiko kudeaketa zuzendari Andoni Alonsok azaldu duenez, Arantzazu leku berezia da, eta bereziago bilakatzen ditu emanaldiak:  "Uste dut honek zerbait magikoa duela. Lotura bat sortzen du publikoarekin, naturarekin eta artearekin; hemen duguna arte purua delako. Horrek kontzertu bereziak sortzen laguntzen du".

Urtez urte lepo bete izan da Santutegia musika hamabostaldiak antolatzen dituen kontzertuak ikusteko. Alonso pozik agertu da herritarrek ekimenari egiten dioten harrerarekin: "Pentsa, adibide bat jartzeagatik, gaurko kontzertuan jende gehiago egon da hemen Victoria Eugeniako kontzertu batean baino. Adibide oso sinplea da, baina, oso esanguratsua Arantzazu zer den eta ze botere duen adierazteko". Hurrengo urtean ere Arantzazun izateko borondatea azaldu du Alonsok.

Erlazionatuak

Natxo de Felipe & Kuarteto Philiperena, Arantzazun

Gontzal Belategi Zubia abu 21, 11:17 Oñati

Natxo de Felipe & Kuarteto Philiperena, argazkitan

Gontzal Belategi Zubia abu 21, 15:23 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak