Askotariko arrazoiak medio, German Mirassouk (Argentina, 1978) Araozko ostatuaren kudeatzaile izateari utziko dio irailaren 30ean. Besteak beste, neguan negozioari "errentagarritasuna" ateratzeko duen zailtasuna azpimarratu du, baita ostalaritzan lan egiteko prest dagoen jende falta ere. "Ekonomikoki ez diot negozioari bideragarritasuna aurkitu. Gutxieneko zerbitzu duin bat eskaintzeko ordu asko egon behar da hemen; langileak ere behar dira. Langileak autoa izan behar du, edo, bestela, zeuk ekarri behar duzu hona. Gainera, gaur egun, ez da erraza ostalaritzan lan egin nahi duen jendea aurkitzea, dio Mirassouk.
Auzotarrak, Araozko "altxorra"
Era berean, joan aurretik, auzotarrek berarekin izandako jarrera eskertu gura izan du argentinarrak: "Bi urteak onak izan dira. Araotzeko gauzarik onena, bertako jendea da; sekulakoak dira. Nirekin eramango dudan altxorra dira ".
Ostatua "leku pribilegiatuan" dagoela gaineratu du, eta, giza baliabideak zein baliabide materialak izan ezkero, Araozko ostatuaren kudeatzaile izatea proiektu "polita" dela. "Interesa duen horri, animatzeko esango nioke; proiektu honi buelta bat aurkitu behar zaiola uste dut. Guztia ondo planifikatu ezkero, bizitza aurrera ateratzeko modu oso polita da", esan du.
Urrian, lizitaziora
Oñatiko Udalak, uztaileko plenoan aurreratu zuen Urrian abiatuko dutela ostatuaren arduradun berria aukeratzeko lizitazioa. Hasiera batean, urtebeterako esleituko da ostatua, epe hori luzatzeko aukerarekin. Hain zuzen ere, urritik martxora bitartean izaten da behe-sasoia, eta, hilabete horietan, 50 euroko prezioa izango du ostatuak. Hortik aurrera, kudeatzaile berriarekin, orain arteko prezioetan eta aldaketa "gutxi batzuekin" jarraitzea da aurreikusten du Udalak.