Bertso-mezarekin eman diote hasiera ospakizunari. Eliza goraino bete da, eta ohiko mezaren ondoren, bertsolariek bertsotan jardun dute. Tartean, bertso hunkigarriak eskaini dituzte iazko azaroko elurtean hil zen Jose Luis Uribe-Etxebarria "Txantxangorri" artzainaren omenez. Bertso-saioan Mikel Etxezarreta, Eneko Araiztegi, Aratz Igartzabal eta Iker Zubeldiak parte hartu dute.
Bertsoen ostean, bertaratu direnek fondaren inguruan elkartu dira, edariak hartu eta bertan prestatutako txorizoa dastatzeko. Fondan egun osoan zehar janari eta edari zerbitzua eskaini dute.
Eguerdiko 13:00etan herri kirolen txanda iritsi da. Aizkolarien, harrijasotzaileen eta beste hainbat herri kirol probaz gozatzeko aukera izan dute ikusleek, giro apartan. Gainera, Sukia eta Marki soinu-joleek egun osoan zehar jarri diote musika ospakizunari.