Babesgune klimatikoen mapa egin du Oñatiko Udalak

Mireia Bikuña 2026ko uztailaren 30a

Guztira, hamazazpi leku zehaztu dituzte; hamasei, kanpokoak. Era berean, babesgune klimatiko izan dadin Zubikoa kiroldegiko gela bat egokitu dute, edateko ur hotzarekin eta aire egokituarekin. Azken hori, edozein herritarrek erabili ahal izango du.

Azken asteotako bero boladen aurrean, herriko babesgune klimatikoen mapa egin du Oñatiko Udalak. Hartan, hamazazpi leku ageri dira; gehienak, hamasei, kanpokoak. San Martingo eta Otadui zuhaiztiak; Unibertsitate ingurua; Foruen plaza eta Lazarraga lorategia; Goienako, Urgaingo, San Lorentzoko eta Olakuako jolasguneak; ur txorrotak; Antixenako parkea; Bidaurretako, Aldakiñoko eta Olapotoko pasealekuak; eta Errementari plaza dira horiek.

Bestalde, babesgune klimatiko izan dadin egokitu du Zubikoa kiroldegiko gela bat, barruko babesgune bat sortuz. "Irekia da. Kiroldegiko bazkide izan edo ez, edozein herritarrek izango du erabilgarri. Han, edateko ur hotza, aire egokitua eta egoteko leku atsegina eskaintzen dira", azaldu du Udalak, prentsa ohar bidez.

Zubikoako babesgune klimatikoa, kiroldegiaren ordutegian egongo da erabilgarri, eta alarma gorria edo alerta laranja dagoen egunetan zabalduko da. Abuztuan, astelehenetik larunbatera dago zabalik, 10:00ak eta 20:00ak bitartean. Beraz, alarma gorria edo laranja badago, babesgunea egun eta ordu tarte horietan egongo da zabalik.

Ur botilen banaketa

Bero boladei aurre egiteko neurri moduan, herriko iturrien mapa duten ur botilak ere banatuko ditu Udalak herritarren artean, Beruari aurre egitteko, edan itturriko ura lelopean egindako kanpainaren barruan. Besteak beste, ura edatearen garrantzia gogorarazi eta herrian dauden iturriak ikusarazi gura ditu. Era berean, baliagarri izango da erabili eta bota egiten diren ontzien erabilera murrizteko. Herritar orok eskuratu ahal izango ditu botilok, Zubikoa kiroldegiko harreran, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo kultura etxean. Udalak, herriko babesgune klimatikoen mapa banatuko du botilekin batera.

Hainbat gomendio

Bero boladendako gomendio sorta ere argitaratu du Udalak. Besteak beste, gomendatzen du eguneko ordu beroenetan (12:00-18:00) eguzkipean egotea saihestea; ura maiz edatea; arropa arina erabiltzea; itzalean edo babesleku klimatikoetan atseden hartzea; gaizki sentituz gero, laguntza eskatzea; eta
arreta berezia jartzea adinekoei, haurrei eta osasun arazoak dituzten pertsonei. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak