Lehen emakume bidaiaria Oñatitik pasatzen da Maite Lopez las Heras idazlearen eleberrian

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko uztailaren 25a

Egubakoitz iluntzean zinema-aretoan egindako liburu aurkezpena.

Oñatiko kultura etxean aurkeztu du 'Zirtak Su' liburua, egubakoitzean. Alfonso Goizuetak, berriz, 'El sueño de Troya' aurkeztu du. Biak dira historian oinarritutako liburuak.

Historian oinarritutako bi libururen aurkezpenak egin zituzten egubakoitz iluntzean Oñatiko zinema-aretoan: Maite Lopez las Heras azkoitiarraren Zirtak Su eta Alfonso Goizueta madrildarraren El sueño de Troya.

Lopez las Herasen liburua, trilogia bateko lehena da eta IV. mendean kokatzen da. Egeria pertsonaia historikoa du protagonista, mendebaldeko lehen emakume bidaiaria eta idazlea. Gallaecia lurraldetik Lur Santuraino egiten duen bidaia jasotzen du egileak liburuan eta Oñatitik pasatzen da. Latinetik euskarara itzuli du idazleak bidaia horren berri ematen duen dokumentua. "Eskuizkribu horrek mendetan zehar izan duen ibilbidea jasotzen du liburuak batetik, eta bidaia horretan Egeriak dituen bizipenak, bestetik. Testuan ez da agertzen, baina eleberrian Oñatitik pasako da Egeria, Sandailiko erritualak agertuko dira adibidez; erritu paganoak eta kristauak nahastuko dira", adierazi du idazleak atzoko ekitaldia hasi aurretik.

Goizuetaren liburuak, berriz,  espedizio arkeologiko bat du ardatz. "Dena utzi eta Troyako hiria aurkitzeko duen ametsaren bila doan gizonaren historia kontatzen du liburuak. Beraien ametsak zeintzuk diren edo zerk mugiarazten dituzten galdetuko nieke irakurleei", Goizuetak esanda.

Zubixa aldizkariak antolatuta

Zubixa.eus aldizkariak antolatu zuen atzoko ekitaldia. Iñaki Igartua oñatiarrak egin zituen aurkezle lanak eta gidatu zuen tertulia baina aurretik, Nadala Mansok jotzen zuen piano doinuak entzuten zirela, bi poesia errezitatu zituzten idazleek, euskaraz eta gazteleraz. "Oñatiko unibertsitatea mundu klasikora oso lotuta dago. Han daude, esaterako, Herculesen erronkak ordezkatzen dituzten frisoak. Bi idazle hauek ere badute lotura mundu klasikoarekin, Greziarekin, eta mundu hori oñatiarrei gerturatzea izan da aurkezpen hauekin egin nahi izan duguna", azaldu du Zubixa aldizkariko editore Ricardo Guisadok. Aurreratu du urrian Estefania Molina kazetaria gonbidatuko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak