ALBISTEAK

Eskerrak emanez utzi du kargua Amaia Erostarbek

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko uztailaren 24a

Oñatiko Eusko Alderdi Jeltzaleko zinegotzi Amaia Erostarbe Letamendik zinegotzi kargua utzi du uztaileko osoko bilkuran. Herritarrei, etxekoei, alderdikideei eta udalbatza osatzen dutenei eskerrak emanez agurtu da, hunkituta. Irailean jakinaraziko dute zinegotzi kargua nork betetzen duen eta bozeramaile berria nor izango den.

Hamaika urte egin ditu zinegotzi Amaia Erostarbe Letamendi oñatiarrak, azken hirurak bozeramaile moduan, eta ardura horiek uzteko unea heldu dela uste du: "Uste dut oso une egokia dela. Urtebete eskas falta da udal hauteskundeetarako eta hori dena gertaketan joan behar da. Neuk eskatu dut". Bere agurreko osoko bilkurara etxekoak, Oñatiko alkate izandako Angel Iturbe eta Andoni Gartzia, aurreko agintaldian berarekin zinegotzi egon ziren kide batzuk eta Arrasateko, Bergarako, Elgetako eta Eskoriatzako Udaletako ordezkari jeltzaleak izan dira osoko bilkuraren aretoan.

Laburra izan da Erostarbek osoko bilkuran egindako hitzartzea, eskerrak emateko aprobetxatu gura izan duena. Prentsa ohar bidez, baina, adierazi du hausnartutako erabakia izan dela eta gaineratu proiektu kolektiboak taldean eraikitzen direnean "indartsuagoak" izan ohi direla. Onena eman izanaren soseguarekin eta pozarekin doala gehitu du oharrean Erostarbek, euren proiektuak aurrera egingo duen ziurtasunarekin eta alderdian jarraituko duela baieztatuz. 

Herritarren ordezkari moduan Udalean lana egiteaz pozik dagoela esan du atzo egindako osoko bilkuran atzo eta sentipen hori partekatu zuen berarekin Izaro Elorza Arregi alkateak, eta eskerrak eman bere lanagatik. Erostarbek, herritarrak, etxekoak, udaleko langile eta teknikariei eta udalbatzako kideak eskertu zituen osoko bilkuraren amaieran.

Egonaldi turistikoaren gaineko zerga

Gai horrez gain, Araozko ostatua lizitaziora ateratzea onartu zuen udalbatzak eta EAJk polizia babesteren alde eta jasotzen dituen erasoak salatzearen alde aurkeztutako mozioaz ere jardun zuten, esaterako, EH Bilduk erantzunez zenbait politikarik egiten duten Ertzaintzaren instrumentalizazio alderdikoi bat ikusten ari direla eta elkarbizitzaren aldeko apustuak bi ekintzak salatzea eskatzen duela.

Bestalde, egonaldi turistikoaren gaineko zerga ere gehitu zuten gai zerrendan. 2027an aplikatzea aurreikusten du Aldundiak baina herri bakoitzak egin behar du aurretik lanketa, hori egin ezean gehienezko tasa aplikatuko litzatekeelako kasu guztietan. Halan, Oñatiko udalbatzak onartu du aho batez, establezimendu turistiko
mota guztiei gutxieneko tasa ezartzea eta erabilera turistikoko etxebizitzei, gehienezkoa.

Udazkenean onartuko dituzte datorren urteko ordenantza fiskalak eta hor jasoko dituzte egonaldi turistikoen gaineko tasak, datorren urtean aplikatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak