1970ean Ricardo Sabadiek ondu zuen Txuri-urdin da Realaren egungo ereserki edo himno ofiziala. Ez da, baina, izan duen bakarra –lehen martxa Carmelo Betorek egin zuen, 1923an–. Realak izan dituen ereserkietako bat Antonino Ibarrondo Oleagak egin zuen, 1949-1950. urtean: A la Real Sociedad de San Sebastian. Pieza hori berreskuratu eta zabaltzeko proiektu bat dute esku artean herriko hainbat musikarik. Asmoa da hiru grabazio egitea eta hiruretan herriko musikariek parte hartzea. Dagoeneko hasita daude horretan. Udazkenerako prest izatea dute buruan.
Hiru grabazio egingo dituzte
Iñaki Galdos Irazabal oñatiarra da proiektu horren sustatzaile nagusia: "Bandan jo nuen garaitik dut ereserki hori berreskuratzeko gogoa. Aldundian Kirol diputatu izan nintzenean ere izan nuen esku artean gaia, baina, beste egitasmo batzuk tarteko, alboratu egin nuen, eta duela bizpahiru urte berriz heldu nion asmoari, eta ordutik gabiltza lantzen". Galdosek gehitu du Realarekin elkarlanean egiten ari diren proiektua dela. Hark azaldu duenez, ereserki horren hiru bertsio, grabazio, egingo dituzte: "Horietako bat izango da bandako musikariek jota eta abesbatzetako kideek abestutakoa. Herriko hainbat abesbatzak hartuko dute parte lan horretan. Bigarren grabazioa txistulariendako izango da. Egia esan, pieza hori norbaitek jo badu Donostiako txistulariak izan dira. Adibidez, 2020an jo zuten, San Sebastian Egunean, Realeko emakumezkoen futboleko eta hockeyko taldeei Urrezko Danborra eman zietenean. Txomin Agirregomezkortak du eginda moldaketa. Hemen, Oñatiko Aita Madina txistulari taldekoekin egingo dugu grabazioa. Eta hirugarrenean, rock eta pop doinuak entzungo dira. Iñigo Ibarrondo, Antoninoren iloba, eta Iñigo Ugarte ari dira hori prestatzen. Haren oinordekoek eta herriko musikari zein abesbatzek hartuko dute parte proiektu horretan". Bideoklip bat egiteko asmoa ere badute, baina oraindik zehaztu gabe dute non eta nola.
A la Real Sociedad de San Sebastian izeneko ereserkiari musika Antonino Ibarrondok jarri zion, eta hitzak, berriz, Felix Ugartek, beste oñatiar batek. Gazteleraz dago idatzita, eta orain, berreskuratzeko egitasmo horren barruan, euskarazko kantua izango da. Aitor Tatiegik egin ditu euskarazko hitzak. Hark azaldu duenez, ez da itzulpen soil bat bakarrik; egungo hizkuntzara eta bizimodura egokitutakoak izango dira hitzak. Originala izango du oinarrian, baina eguneratutakoa izango da. Ia prest dutela azaldu du Galdosek, eta "azken ukituak ematen" ari direla nabarmendu du.
Brigade Locorena bezala
Galdosek argitu du, baina, proiektu horren helburua ez dela egungo ereserki ofiziala horrekin ordezkatzea, baina bai kantua ezagutaraztea, zabaltzea, jotzea, abestea. "Oñatiar askorendako ere, agian, ezezaguna izango zen gai hau orain arte. Hori ezagutarazteaz gain, baina, helburua da jendeak kantatzea, jotzea. Realak ereserki edo kantu asko izan ditu. Adibidez, 80ko hamarkadan, txapeldun egin zenean taldea, Imanol Urbietak egin zuen kantu bat. Klubaren 100. urteurrenean ere, 2009an, Andoni Egañaren hitzekin eta Mikel Erentxunen doinuarekin egin zen beste pieza bat. Brigade Loco taldeak ere badu bat. Kantu hau haiek bezala ezaguna izatea eta jendeak kantatzea lortu gura dugu. Kantatu eta jo, Realaren lagunarteek, txarangek eta bandek, adibidez. Ez dugu gura dokumentu moduan bakarrik berreskuratzea". Zehaztu du Oñatiko Realaren lagunartearekin ere jarrita daudela harremanetan, esku artean duten asmoaren berri emateko.
Grabazioak, Santa Anan
Egingo dituzten grabazioetako batzuk Santa Ana antzokian egingo dituzte; bai, behintzat, bandarena eta abesbatzena eta baita txistulariena ere. "Antonino Ibarrondoren omenez haren piezekin grabatu zen diskoan ere hartu genuen parte. Orduan ere Santa Anan egin genituen grabaketak –haren hamalau lanekin osatutako diskoa 2014an grabatu zuten, haren jaiotzaren mendeurrenean–, eta orain ere han egingo ditugu. Bandakook hasita gaude entseguekin. Orain oporrak hartuko ditugu, baina uda ostean berriz hasiko gara. Asmoa da irailean egitea grabazioak, baina zehaztu gabe dago oraindik", dio bandako eta Ganbarako abesbatzen zuzendari Aitor Biain Bidartek. Gehitu du oso pieza polita dela, baduela Antoninok konposatutako lanen "ukitua", eta, esaterako, hark egindako Aloña Mendiren ereserkiarekin baduela halako antz bat: "Harena dela antzematen da".
Biainek berak, bandako kide moduan, Realaren ereserki hori behin bakarrik jo duela aitortu du, baina Iñaxio Ibarrondok, aldiz, gogoan du lehen askotan jotzen zutela. "Sasoi batean, askotan, Realak irabazten zuen bakoitzean", adierazi du, barrez. Aitari proiektu hori gustatuko litzaiokeen galdetuta, berriz, ez dakiela ziur zer erantzun adierazi du: "Ez zitzaion protagonismoa askorik gustatzen". Grabazioak udako oporren ostean egingo dituzte, eta asmoa da proiektua bera udazkenean bukatzea, data zehatzik jarri gabe.
Realaren eskariz egindakoa
Realak eskatuta egin zuen Antonino Ibarrondok A la Real Sociedad de San Sebastian ereserkia. 40ko hamarkadaren amaieran, Realaren zuzendaritza osatzen zuen kideetako bat joan zitzaion zuzenean, eta Realaren kantua egiteko eskatu. "Ez da ereserki ofiziala, baina bai klub barrutik sortutako proiektua. Eta hori bada zerbait. Diotenez, bere garaian izan zuen arrakasta. Orduko bandek eta txistulariek asko jotzen zuten. Egia esan, pozik gaude eta uste dut Oñatiko herriarendako egitasmo polita dela. Sortu eta ia 80 urtera berreskuratu egingo da, herritarrek parte hartuta", dio Galdosek.
Realaren pieza bai, baina beste asko ere egin zituen Antonino Ibarrondo Oleagak (Oñati, 1914-1985). Musikaria eta konpositorea izan zen, eta konpositore moduan genero askotariko pieza asko egin zituen. Kontzertuetarako zein dantzarako ere bai, adibidez. Aitak eta semeak egin zuten moduan, hark ere zuzendu zuen Oñatiko musika banda; 1940. urtean hartu zuen kargu hori, 26 urte zituela, eta 1970. urtera arte jardun zuen bandako zuzendari, bandaren ibilbidea amaitu zen arte –1978ko Corpusetan hasi zuen bandak egungo ibilbidea, Iñaxio Ibarrondo zuzendari zela; etxafuegoen makila batekin zuzendu zuen hark lehen kontzertu hura–. Sestaoko eta Bilboko bandak ere zuzendu zituen Antoninok.
Gipuzkoa osoan banda-titulua zuten hiru zuzendarietako bat zen Ibarrondo, Miguel Gonzalez Bastidarekin eta Francisco Escuderorekin batera, Jose Antonio Azpiazuk eta Xabier Ugartek idatzi zuten haren biografian jasotzen dutenez. Instrumentu asko jotzen zituela ere badiote, klarinete jotzaile oso ona zela eta bereziki trebea tuba jotzen.