Indarkeria mota guztiak prebenitzeko portaera kode batzuk eta protokolo bat landu dute Aloña Mendiko eskubaloi eta futbol sailak, datorren denboraldian aplikatzen hasiko direnak. Talde bakoitzeko jokalariekin eta teknikoekin ez ezik, familiekin ere landu gura dute gaia, eta zaleengana ere iritsi gura dute.
Portaera kodeen garrantzia
Bi adar ditu oinarrian bi urtez kirol sailek landu duten protokolo honek: indarkeria prebenitzea eta berdintasuna lortzea. "Protokoloarekin batera portaera kodeak landu ditugu eta horiek dira garrantzitsuenak edo gehien erabiliko direnak. Hor jasotzen da bakoitzak duen eskubidea zein den, baina baita betebeharra ere, eta kode horien berri ematea da hurrengo urratsa, horiek erakustea eta dagokionari jakinaraztea. Eta jokalariak eta teknikoak ez ezik, familiak ere sartu ditugu lanketa honetan. Eurekin ere egongo gara, erakutsiko dizkiegu kodeak eta baita sinatu arazi ere, bakoitzak ikus dezan ze konpromiso hartzen duen", azaldu du gaur goizean egindako aurkezpenean Jabi Agirrek, futbol saileko zuzendaritza taldeko kideak. Agirrek gehitu du zaleengana ere iritsi gura dutela eta horretarako bideak aztertzen eta lantzen ari direla.
Portaera kodeekin batera, protokoloa ere osatu dute bi kirol sailek. Hor jaso dute zer egin eta nola jokatu indarkeria egoeraren bat gertatzen denean. "Salaketa jasoko genuke lehenengo, zer gertatu den galdetu, elkarrizketak izan gertaeran zerikusia izan dutenekin eta gertatutakoa baloratu eta graduatu. Tokatzen diren neurriak hartuko genituzke gero eta bizikidetza berreskuratzeko bidea hartu berriz", zehaztu du eskubaloi saileko presidente Iñaki Mendarozketak.
Zorion mezuak lanketagatik
Aloña Mendiko eskubaloi eta futbol sailek egin dute lanketa, eta euren taldetan erakusten eta azaltzen hasiko dira lanketa ezagutarazten. Datorren denboraldi berrian jarriko dute indarrean eta horrekin batera, kirol elkarteko gainerako sailetara ere zabalduko dute. Eurek dioten moduan, batetik, "kirol elkarte bakarreko kide" direlako sail denak, eta bestetik, kirola ez delako bakarrik lehiarako espazioa, "baizik balioak transmititzeko tresna hezitzailea, sozial eta komunitarioa ere bai". Izaro Elorza alkateak zoriondu egin ditu protokoloa landu eta martxan jartzeko apustua egin duten Aloña Mendiko sailak, lan ona egin dutela esanez eta Udala laguntzen jarraitzeko prest dagoela gaineratuz. Ildo beretik hitz egin du aurkezpenean Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak ere. Esan du hasieratik ikusi zuela kontzientzia bazegoela lanketa honetan eta egondako elkarlana jarri gura izan du balioan. Gaineratu du sekulako ardura erakutsi dutela kirolarekiko zein haurrekiko.