Aurreko urtearekin alderatuz, gehikuntza bat nabaritu dute artile kopuruan, eta hori hein handi batean "lehengo urtean artzainari ordaintzea tokatu zitzaiolako eta aurten kosturik gabe artilea emateagatik" gertatu dela adierazi du Garikoitz Aiestak, Deba Garaia Landa Garapen elkarteko teknikari-kudeatzaileak. Hala ere, oraindik non lan egiterik badagoela adierazi du Aiestak: "Egia da ere, termino orokorretan Gipuzkoako datuak oinarri bezala hartuta, artzain kopuru guztiaren artile kopuruaren herena besterik ez dela jasotzen, hau da, beste bi herenak artzainek kudeatzen dituzte".
Hala ere, oraindik non lan egiterik badagoela adierazi du Aiestak: "Egia da ere, termino orokorretan Gipuzkoako datuak oinarri bezala hartuta, artzain kopuru guztiaren artile kopuruaren herena besterik ez dela jasotzen, hau da, beste bi herenak artzainek kudeatzen dituzte".
Urteetako lana
Deba Garaia Landa Garapen elkarteak urteak daramatza bilketa kudeatzen. Azken urteetan artzain eta baserritarrek tasa bat ordaindu behar izan dute artile bilketa zerbitzua erabiltzeagatik eta elkartearen azken urteetako asmoa izan da artilea diru iturri bat izatera bueltatzea. Horretarako, erdibideko emaitza batera iristea lortu dute aurten, eta azken urteetan ez bezala, artzainek ez dute artilea emateagatik ordaindu behar izan. Hala, Landa Garapen elkartetik egindako kudeaketari esker, enpresa baten esku geratuko da Gipuzkoako artilea bi arrazoirengatik: batetik, ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzeko, eta, bestetik, artzainek artilea emateagatik ordaindu behar izatea sahiesteko.
Gipuzkoako artilea, moketak egiteko
Gipuzkoako bilketan jasotako artile guztia Gaztela Leongo enpresa batek hartuko du eta Txinara bideratuko moketak egiteko. Horretarako, baina, oinarrizko baldintza batzuk jarri dituzte lehengaiaren kalitatea bermatzeko. Landa Garapen elkarteko teknikari-kudeatzaileak azaldu duenez, hauek dira markatutako baldintzak: artilea garbia egotea —manipulaziorako asko errazten duelako horrek—; baita ere, artilea zakuetan ekartzea, eta, azkenik, artilea lehorra izatea.
Kezkak zaku banaketekin
Artilea zakuetan ekartzeko, Foru Aldundiaren laguntzarekin zaku kopuru bat bideratu zaie bilketan izena emandako artzain bakoitzari, eta horrek kezka bat suposatu du horrek artzain batzuentzako: "Ez dugu ondo ikusten arazo batzuk egoten jarraitzen dutela. Esaterako, zakuetan banatzea eskatu digute aurten, eta nire kasuan zaku gehiago behar nituen eta ez dut zaku horiek lortzerik aurkitu izan. Gustatuko litzaiguke erantzunak eta erraztasunak jasotzea, eta ez uneoro jakintzarik eta gure galderen erantzunik ez duten bitartekariak jartzea kasu honetan egin den bezala", adierazi du Arrasateko Korreoena baserriko Egoitz Zuazubizkarrek.
Oraindik abian dago bilketa
Martitzenean Oñatin jasotako artile guztia eguaztenean eraman zen Gaztela Leonera, baina Gipuzkoan oraindik ez dute artile bilketarekin amaitu. Uztailaren 8a izango da azken eguna, eta oraindik beste lau geldialdi geratzen dira artile bilketa amaitzeko: Elgoibar, Asteasu, Oiartzun eta Berastegi.