Auto elektrikoendako zortzi kargagailu jarri ditu Oñatiko Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko ekainaren 24a

Xabier Igartua alkateordea, aplikazioa deskargatzeko QR-a irakurtzen mugikorrarekin.

Zubikoa kiroldegi azpiko aparkalekuan lau kargagailu daude eta beste lau, aldiz, Kalegoieneko lur azpiko aparkalekuan. 22 kilowatteko kargagailuak dira eta Zunder aplikazioa beharko da horiek erabiltzeko. 37.825,81 euroko aurrekontua izan du proiektuak (BEZa barne).

Xabier Igartua Oñatiko alkateordeak jakitera eman duenez, auto elektrikoendako zortzi kargagailu jarri ditu Oñatiko Udalak, Energia Planaren baitan, eta dagoeneko erabilgarri daude. Lur azpiko bi aparkalekuetan jarri dituzte kargagailua, eta Zunder aplikazioa erabili beharko da ibilgailuak kargatzeko. "Kargagailuetan QR kode bat dago, aplikazioa deskargatu ahal izateko eta, behin deskargatuta, libre dauden aparkalekuak identifikatzeko edota zenbat kargatu gura dugun zehazteko", azaldu du Igartuak.

Hori dela eta, wifi sarbide librea ere jarri dute aparkalekuan. "Lur azpiko aparkalekuetan konexio arazoak egon ohi dira eta hori errazteko helburuarekin jarri dugu wifia". Kargatze-prezioari dagokionez, kilowatt orduko 0,35 eurokoa izango da. "Gutxi gorabehera, auto elektrikoen kargagailu guztiek duten prezioa da". Ordainketa aplikazioaren bitartez egin beharko da, baina aztertzen ari dira txartelarekin ordaindu ahal izatea.

Oñatiko lur azpiko bi aparkalekuan TAO sistema dago eta lehen hiru ordu doakoak dira. "Denbora gehiago kargatzen egon nahi izanez gero, ordaintzeko aukera ere egongo da. Edozelan ere, karga gaitasun handia dute gailuek eta hiru ordutan ia guztia kargatzen dute".

Konektorea daukan sistema

Auto elektrikoen kargagailuetan bi sistema dira nagusi. "Batzuek, mahukak izaten dituzte, autora konektatu ahal izateko, eta errazagoa izan ohi da. Hala ere, mahuka horiek moztu eta eraman egiten dituzte. Beraz, konektorea duen sistema aukeratu dugu eta, modu horretan, autoak berak daukan mahuka konektatu ahal izango du kargagailura. Gainera, kargatzen ari diren bitartean, mahukak ezin dira lekutik atera. Modu segurua da, alde horretatik", nabarmendu du Igartuak. 

Momentuz, zortzi

Azkenik, alkateordeak nabarmendu du erabileraren jarraipena egingo dutela eta, beharra ikusiz gero, kargagailu gehiago jartzea aztertuko dutela. "Momentuz, errazena izango litzateke gaur egungoen ondoan jartzea beste kargagailuak. Oraingoz, ez dugu egoki ikusten kaleko edozein aparkaleku erabiltzea kargagailuak jartzeko. Erabileraren eta beharraren araberakoa izango litzateke hori. Momentuz, zortzi kargagailu nahikoa direla uste dugu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak