Oñatiren historia abestiekin kontatuta, 'Oñati, gure herria' ikuskizunean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko ekainaren 22a

Gaur goizean egindako prentsaurrekoa. (Argazkia: I.A.A.).

Ganbara Faktoriaren Udako gauak ekimenaren baitan taularatuko dute Oñati, gure herria ikuskizuna Ganbara eta Hots Abesbatzek egubakoitz gauean, 22:30ean, Zumeltzegiko Torreko hotelaren aparkalekuan. 75 minutuko ekitaldia izango da, eta 75 lagun inguruk hartuko dute parte, Amaia Zipitria piano-jolearen zuzeneko musikarekin. Egubakoitzean euria eginez gero, emanaldia atzeratu egingo da.

Oñatiko historiaren ibilbide emozional eta kronologikoa egingo du. "Oñati, gure herria kontzertu multidiziplinarra dela esan dezakegu. Helburua da Oñati gida bezala erabiltzea. Ez da kontzertu historiko bat, ez da dokumentazio lana egitea. Oñatiko zertzelada batzuk ezagutzeko aukera egongo da", azaldu du proiektuaren zuzendari Aitor Biain-Bidartek.

Hamaika bloketan banatu dute ikuskizuna eta besteak beste, Arantzazu, Unibertsitatea, Oñatiko tradizioa, gerra karlistaren garaia Oñatin, Txantxiku deitzearen zergatia bezalako gaiak izango dituzte hizpide. Guztira 12 abesti kantatuko dituzte. Bloke bakoitzean abesti bat interpretatuko dute, eta guztiak Arri Iraetak sortutako ikus-entzunezkoarekin uztartuko dituzte. Ikus-entzunezko horiek Zumeltzegi dorrean bertan proiektatuko dituzte; hala nola, Oñatiko irudi historikoak, paisaiak eta artxiboko materialak. Bideoei ahotsa Migel Guridik jarri die.

Lau sorkuntza berri

Aurtengo ikuskizunak ere lau konposizio berri izango ditu. Josu Zubia oñatiarrak idatzi ditu letrok eta Junkal Guerrero eta Iker Gonzalez musikariek sortu dituzte bina doinu. Guerrerorenak dira Ate bat igaro ostean, Oñatiko Sancti Spiritus Unibertsitateari eskainia, eta Ontzaz ontza, herriko lantegiak eta hango lankidetasuna ardatz dituena. Gonzalezenak, berriz, Bada herri bat, Oñatiri eskainia, eta Trostan, gerra karlista du berbagai.

Oinez joateko deia

Biainek nabarmendu du, normalean, 22:00etan izaten dela ikuskizuna, baina 22:30era atzeratu dutela proiekzioak direla eta "guztiz gaua" izatea behar dutelako. Halaber, aparkalekuan izango denez, herritarrei oinez joateko eskatu diete aparkatzeko lekurik ez delako egongo. Aire librean denez, aforoa ez da mugatua, baina aurreratu dute 200 eserleku jarriko dituztela. Euria egingo balu, emanaldia uztailera edo irailera atzeratuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak