HEMEN DEBAGOIENA

Ana Laura Chavez: "Nik ez jakin arren, betidanik izan dut harremana Euskal Herriarekin"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko ekainaren 17a

Senarraren Oñatiko ikasketengatik etorri zen, sei hilabeterako; abenduan 10 urte beteko ditu hemen.

Ikasketez ingeniari industriala bada ere, betidanik gustatu izan zaio irakasle lana Ana Laura Chavezi (Mexiko Hiria, Mexiko, 1982), eta, egun, ingeles irakaslea da Arrasaten.

Nola oroitzen duzu haurtzaroa?

Oso ederra zen. Amarekin denbora asko pasatzen nuen, eskolako zuzendaria zelako. Udak aitona-amonen etxean igarotzen nituen, lehengusuekin. Gurasorik gabe. Sekulakoa zen. Libreak ginen etxeko lurretan. Hemen arreta ematen dit, eta beti emango dit, haurrak bakarrik kalean ibiltzeak. Ez zaie ezer gertatzen, zoriontsu dira eta lagunekin jolasten dira. Nire kasuan, ez zen horrela, baina udak hemengo askatasun horrekin lotzen ditut.

Nolakoa da Mexiko Hiria?

Kaotikoa, baina, aldi berean, ordenatua. Horren handia eta horrenbeste jende bizi den hiria denez, idatzi gabeko eta denok dakizkigun arau sozialak daude. Erraza da han bizitzea. Adibidez, lurrikara asko gertatzen dira, eta guztiok dakigu, baita haurrek ere, zer egin, eskolan irakasten dutelako eta simulakroak egiten direlako.

Eta segurtasuna?

Ez dut biolentzia handirik bizi izan kalean, baina azken urteetan bi eraso gogor izan nituen. Azkena izan zen okerrena. Aurretik ezer pasa gabe ere, ikasten duzu zure gauzekin arduratsua izaten. Saiatzen zara gainean balio handiko gauzak ez eramaten. Lehen, ezin nuen ezkon-eraztuna jantzi, lapurtu egin ziezadaketelako, baina hemen erabili dezaket. Hala ere, han bizitzeak baditu abantailak. Adibidez, denetik dago nahi duzun orduan eta egunean, oso-oso gertu.

Zerk ekarri zintuen Oñatira?

Senarra, Polo, masterra egitera etorri zen 2016ko irailean. Abenduan etorri nintzen, sei hilabeterako. Aurten hamar urte beteko ditut hemen.

Zerk harritu zintuen?

Oñatin bizi den jende kopuru bera bizi zen Mexikoko gure etxe aurreko urbanizazioan.

Zer gustatzen zaizu Oñatitik?

Jendearen berotasuna. Beti irribarre batekin eta laguntzeko prest hartu gaituzte. Denek ezagutzen gaituzte, bistaz bada ere. Unibertsitateagatik atzerritarrak ikustera ohituta dagoen herria da, baina beti daude irakasteko prest. Iritsi ginen urtean, San Blas egunean, Eltziara etorri ginen, txokolate-janera, inor ezagutu gabe. Oso ondo hartu gintuzten, eta harreman asko egin ditut. Orduan ezagutu nuen Lagun Leku. Polo lehenago etorri zen, baina ez zidan argazkirik bidali. Interneten ikusitakoa nekien. Hark nahi zuen ni herrian murgiltzea.

Elkarrizketa hasi aurretik, esan didazu Euskal Herriarekin lotura zenuela Mexikon.

Nik ez jakin arren, betidanik izan dut harremana Euskal Herriarekin. Betidanik gustatu izan zait zesta-punta. Gaur egun, ez da horren popularra han, baina frontoiak oso presente daude. Oso ohikoa da jendea esku-pilotan ikustea, nahiz eta kirolari horrela ez deitu. Euskal komunitate handia dago han. Aizkolariak ere ikusten genituen telebistan. Egunerokotasunean euskarazko hitz asko daude.

Zeintzuk?

Txinga, esaterako. Oso hitz arrunta da. Mexikon zerbait txinga dela esatean, zerbait egiteko zaila dela esan nahi du, adibidez. Asko erabiltzen da. Han Arantzazuko Ama oso ezaguna da, eta gozotegi-kate bat dago Arantzazu izenarekin; okindegia, Lekaroz izenarekin. Ni Bolibar kalean bizi nintzen, eta hurrengo kalea Gipuzkoa zen. Begira non amaitu dugun. Bizitzaren kointzidentziak. Ez zara unean ohartzen Euskal Herriarekin lotura dutela, hona etorri arte. Konexio handia dago euskaldunen eta mexikarren artean.

Mexikar janaria natxoekin eta takoekin lotzen da askotan.

Barietate ugariko gastronomia dauka. Uste dut herrialdea handia delako dela, eta dibertsitate hori herrialdean dauden klimei esker da. Hemen arreta eman zidan sasoian sasoiko produktuak zeudela. Han ez dago horrelakorik. Janarira erraz egokitu naiz, jatea gustuko dut eta. Etxean saiatzen gara ahalik eta modu mexikarrenean jaten. Ohiturak ere aldatu ditugu, nahi izan dugulako. Han arrautza gosaritan bakarrik jaten da, eta ez nuen uste eguneko beste otorduetan ere jango nuenik. Han postre gozoak jatekoak gara. 

Nongoa sentitzen zara?

Bi lekutako gauzarik onenak dauzkat, eta hori abantaila da. Uste dut gaur egun Oñatikoa sentitzen naizela gehiago. Hemen oso gutxitan sentitzen naiz atzerritar; jendeak ez nau atzerritar sentiarazten, integratzeko izan dudan jarreragatik.

Haurrei esker, euskara ulertzen du

Oñatira bizitzera iritsi bezain laster, euskaltegian hasi zen Chavez: "Hizkuntzak jakitea abantaila guztien gainetik dago. Euskara ikasten nuenean, ingelesaren egitura zuela pentsatzen nuen, eta ingelesean pentsatu eta euskaraz idazten nuen". Azaldu duenez, Oñatin oso erraza da euskararekin kontaktuan egotea: "Ez dakit euskaraz oso ondo, baina saiatzen naiz euskaraz hitz egiten, nahiz eta akatsak egin. Horrek asko erraztu dit, eta euskaldunek ere, astiroago, baina euskaraz egiten didate, badakitelako ulertuko diedala".

Abantaila hori haurrekin lan egiteak eman diola dio, euskaraz egiten dutelako eta haiek ulertzeko modu bakarra delako: "Haiekin euskara ulertzen ikasi dut. Hitz guztiak ez badakizkit ere, irakurriz esan nahi didazuna ulertu dezaket".

Hitzen esanahiak

Hiztegia aberastu egin duela dio: hitzak, espresioak...: "Adibidez, nik ez nuke sekula esango agujetak ditudanik, baina hemen ikasi dut. Mexikon agujeta lokarria da. Mexikora noanean, agujetak ditudala esaten badut, arraro begiratzen didate". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak